Lau orduko lanuzteak izango dira gaur udal eta aldundietan

Sindikatuekin banaka ez negoziatzeko eskatu die Eudelek udalei, eta kontrakoa nahi du ELAk

2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
BILBO. ELAk eta LABek lau orduko lanuzte batera deitu dituzte gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako eta foru erakundeetako langile publikoak. 30.000 langiletik gora dira, eta haien lan baldintzak berritzeko negoziazioek porrot egin zuten abenduan. Goizeko txandan aritzen diren langileek 11:00etatik 15:00etara utziko dute lana, eta 15:00etatik 19:00etara, berriz, arratsaldekoek. Goizeko hamaiketan udaletxeen aurrean biltzera deitu dituzte langileak, eta manifestazioak izango dira hiriburuetan, 12:30etik aurrera.

Lanuztearen bitartez, ELAk eta LABek salatu nahi dute azken urteetan milaka lanpostu kendu dituztela udalek eta foru aldundiek, gaur egun kontratazio gehienak behin-behinekoak direla eta zerbitzu publiko asko pribatizatu dituztela. Halaber kexu dira langileen baldintzak «nabarmen» okertu direlako, eta erosteko ahalmena galdu dutelako.

Hiru lurraldeetako udaletako langileen lan baldintzak Udalhitz itunaren bitartez arautzen dira, eta horri eustea funtsezkoa dela esan zuen atzo Eudel udalen elkarteak. Horregatik, eskatu zien udalei ez ditzatela beren langileen baldintzak banaka negoziatu. Eudelen gomendioa deitoratu du ELAk, aurpegiratu baitio ez duela ezer egin udalek hitzarmena aplika zezaten. ELAren estrategia Eudelen kontrakoa da: administrazio bakoitzak bere negoziazio esparrua zabaltzea nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.