Fernandezek dio «iraganaren azterketa kritikoa» falta dela

Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkariak ez du aldaketarik ikusten Frantziaren espetxe politikan

2017ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
BILBO. Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusi Jonan Fernandezek esan du euskal gizarteak «urrats handiak» egin dituela arlo horretan, baina oraindik ere «iraganean gertatutako giza eskubideen urraketei buruzko azterketa kritikoa partekatzea» falta dela.

Radio Euskadik egindako elkarrizketan, Fernandezek gogoratu du ETAk Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuartelaren kontra egindako atentatuaren 30. urteurrena izan dela, eta Jose Luis Caso Alderdi Popularreko zinegotziaren hilketaren 20. urteurrena ere bai. Horren harira, «biktimak aintzat hartuko dituen memoria kritiko egin beharra» nabarmendu du.

Fernandezen ustez, indar politiko guztiek bat etorri behar dute «tortura, GALen indarkeria, BVErena eta ETArena» gaitzesten dutela, eta adibidetzat aipatu ditu Kolonbiako FARCek egindako autokritika eta Langraiz bideko presoen «gogoeta ariketa publiko eta pribatuak».

Fernandezen arabera, oraindik badago «egin beharreko lanik», eta horien artean espetxe politika aldatzea, ETA desegitea eta «giza eskubideen urraketei buruzko gogoeta kritikoa partekatzea» aipatu ditu.

«Begirunea» azaldu du joan den larunbatean Parisen egindako mobilizazioaren aurrean, eta erantsi du oraingoz ez duela aldaketarik ikusten Frantziaren espetxe politikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.