Inoiz baino turista gehiagok bisitatu zuten EAE 2017an

Iaz 3,5 milioi turista baino gehiago iritsi ziren Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara, 2016an baino %4,4 gehiago

2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
BILBO. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 3.588.045 turista jaso zituzten iaz, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortilloren arabera. Turista kopuruak %4,4 egin du gora, 2016ko datuekin alderatuz, eta orain arteko kopuru handiena ezarri du. Jaurlaritzak Eustat Euskal Estatistika Erakundearen eta INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuak erabili ditu, EAEn gutxienez gau bat igaro dutenak kontuan hartuz.

Retortillok positibotzat jo du kopurua, eta hazkundea urte guztira zabaldu izana nabarmendu du. Urtarril eta ekain artean 115.000 turista gehiago izan ziren EAEn. Uztailean, berriz, igoera «minimoa» izan zen, eta abuztuan jaitsiera txiki bat egon zen. Irailetik aurrera ere 2016an baino 30.000 turista gehiago iritsi ziren.

Turisten %82 inguruk hoteletan hartu zuen ostatua, eta gainerakoek bestelako ostatuetan. Guztira, turistek EAEn igarotako gauak 7,4 milioi izan dira, batez beste, 2,06 gau pertsonako. Horrek %3,4ko igoera adierazten du. Hazkundea eta gau kopuruaren igoera indartzeko, Jaurlaritzak autoan egiteko bideak, barnealdeko turismoa eta ekoturismoa sustatu nahi ditu, baita turismo industriala ere, Bizkaiko zubi esekiaren 125. urteurrena aprobetxatuz.

Jatorriari dagokionez, %60 Espainiako Estatutik iritsi ziren. Halere, nazioarteko turismoak hazkunde handiagoa izan du, %9koa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.