'Kutxabank auzia' artxibatzeko eskatu du akusatuen defentsak

Kutxabank akusazio gisa aurkeztu ez izana argudiatu dute epaiketa bertan behera utzi nahi izateko

Cabieces, Alkorta eta Fernandez, atzo, Bilboko epaitegian. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
2017ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
BILBO.Kutxabank auziko epaiketa hasi da Bizkaiko Probintzia Auzitegian, eta, lehenengo saioan, auzia artxibatzeko eskatu dute akusatuen defentsek. Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia, Rafael Alkorta abokatua eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko ordezkari izandakoa dira akusatuak, eta «administrazio desleiala» eta «bidegabeko jabetzea» leporatzen diete.

Herri akusazioaren arabera, Kutxabankek Cabieces kontratatu zuen soilki hura Espainiako Gobernuaren ordezkari izan zelako, Mario Fernandezen erabakiz eta «Kutxabankeko organoen kontrolik gabe», eta kontratazio hori Rafael Alkorta abokatuaren bulegoaren bidez egiten zuten. Bere garaian, Fernandezek adierazi zuen zenbait politikarik eskatuta kontratatu zuela Cabieces, eta horrelakoak «ohikoak» zirela ETAren kontrako borrokan jardundakoei irtenbide profesionala bilatzeko.

Lehenengo saioa epaiketari ekin aurreko ingurumariak argitzeko izan da, eta, han, auzia artxibatzeko eskatu du defentsak, prozedura akatsak argudiatuta. Administrazio desleialari dagokionez, defentsak argudiatu du ustezko delitu horren kaltea jasan duen elkarteak —Kutxabankek, kasu honetan— ez duela salaketarik jarri eta uko egin diola akusazio gisa aurkezteari.

Herri akusazioko abokatu Jone Goirizelaiak adierazi duenez, defentsak aurkezturiko argudioak «oinarri juridiko finkorik gabeak» dira. Bi urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigor eskaerari eusten diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.