Iranek eta IAEAk itun nuklearra adosteko bidea erraztu dute

Teherango Gobernuak negoziazioak sendotzeko funtsezko dokumentuak eman dizkio IAEAri

IAEAko zuzendari nagusia eta Irango Atzerri ministroa, atzo. TAHERKENAREH / EFE.
2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
TEHERAN. Iranek onartu egin du IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeari ezinbesteko dokumentu batzuk ematea, Teherango hainbat zentral nuklearretan uranio partikulak ote dauden ikertzeko. IAEAko zuzendari nagusi Rafael Mariano Grossik txalotu egin zuen atzo Iranek agiriak ematea, horiek gabe «zaila» baitzen akordiora itzultzea. Hain zuzen, IAEAren eta Iranen arteko elkar ulertzeak bidea ireki du 2015eko itun nuklearra berrezartzeko, Asiako herrialdeari zigor ekonomikoak kentzearen truke.

Itun hori hautsita geratu zen 2018an, Donald Trump AEBetako orduko presidenteak bertan behera utzi baitzuen eta Irani zigorrak ezarri baitzizkion. Urtebete geroago, Teheran ituna urratzen hasi zen, eta ahalegin nuklearrak bizkortzeaz gain, uranioa aberastea azkartu zuen. IAEAk ostegunean ziurtatu zuenez, Iranek 33,2 kilo uranio aberastu ditu jada % 60an—duela hiru hilabete halako bi ia—; zehazki, arma atomiko batean erabiltzeko behar den purutasunetik hurbil eta 2015ean adostutakoa baino askoz gorago.

Iranek, Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak, Errusiak eta Txinak 11 hilabetez elkarren artean Vienan izan dituzten negoziazio gogorren ostean, badirudi datozen egunetan akordio berri bat iragarriko dutela. «E3ko negoziatzaileok [Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua] Vienara itzultzeko prest gaude», esan zuen atzo Erresuma Batuko negoziatzaile buru Stephanie al-Qaqek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.