Martin Odegaard Realean utzita ariko da urtebetez

Sandra Ramajok Albaceterekin sinatu du, eta Eibarrek Roberto Correa lotu du 2022 urtera arte

2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Realak Martin Odegaard norvegiarra lortu du, Real Madrilek utzita. 20 urteko erdilaria urtebetez ariko da talde txuri-urdinean, eta bihar aurkeztuko dute. Aurreko sasoian ere utzita egon zen, Herbehereetako Vitesse taldean. 39 partida jokatu zituen, eta hamaika gol sartu. Harekin batera, sasoi honetarako beste fitxaketak ere egongo dira igande eguerdian Anoetan egingo den aurkezpenean: Alex Remiro, Cristian Portugues Portu, Alexander Isak eta Modibo Sagnan; baita Reala B-tik lehen taldera igo direnak ere: Ander Guevara, Robin Le Normand eta Aihen Muñoz.

Bestalde, 11 denboraldiz Realeko jokalari izandako Sandra Ramajo Bigarren Mailan ariko da datorren sasoian. Albaceten ariko da. 286 partida jokatu zituen talde txuri-urdinean, eta 2017tik aurrera kapitain izan zen. Belauneko lesioa izan zuenez, gutxiago jokatu zuen azken denboraldian, baina modu ezin hobean amaitu zuen bere ibilbidea Realean, Espainiako Kopa irabaziz Atletico Madrilen aurka, 2-1. Berak altxatu zuen titulua.

Eibarrek ere fitxaketa baten berri eman zuen atzo: Roberto Correa eskuin hegaleko atzelariarena. 2022 arte sinatu du Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldearekin. Azkenengo bi denboraldietan Cadizen jokatu du, eta libre zen ekainaren 30etik. Ruben Peña ordezko gisa dator. Vila-Realek fitxatu du Peña, eta atzo eguerdian aurkeztu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.