Gerra krimenen ikerlari batzuk eskatu dituzte NBEn, Gazarako

Segurtasun Kontseiluak etzi eztabaidatuko du palestinarrei nazioarteko babesa emateari buruz

2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
GENEVA Israelen sarraskiaren aurrean, nazioarteko erreakzioak kritiketara mugatu ziren lehen egunetan, baina orain badirudi nazioarteko estatuek ekintza eta neurri zehatzetara bideratu dutela euren estrategia. Gazan martxoaren 30ean hasitako protesta sortaren aurka Israelek izan duen erantzuna ikertzeko ebazpen bat onartu zuten atzo hainbat estatuk, UNHRC Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluan: erakundeari eskatzen diote gerra krimenak ikertzen dituen «talde independente bat premiaz» bidali dezala eremu horretara, «eraso militarren testuinguruan izandako ustezko urraketak ikertzeko». Gazako osasun iturrien arabera, protestak hasi zirenetik 111 palestinar hil ditu Israelgo armadak —horietako 60 astelehenean—, eta 12.733 zauritu.

Bilera horrekin batera etorri zen palestinarri begirako beste berria: Egiptoko presidente Abdel-Fatah al-Sisik iragarri zuen Gazaren eta Egiptoren arteko muga irekitzeko agindua eman zuela Ramadanak iraun bitartean, alegia, ekainaren 14ra arte; helburuaGazako herritarren «sufrimendua arintzea» da.

Aste honetako bileraren ostean, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua berriz batzartuko da, etzi, neurri zehatz bati buruz eztabaidatzeko. Kuwaitek aurkezturiko ebazpen proposamena izango dute hizpide: palestinarrak babesteko nazioarteko babes indar bat sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.