NDFk aitortu du enplegu galera ekarri duela globalizazioak

Teknologiak herrialde garatuetako soldatak jaitsarazi arren, merkataritza sendotzeko eskatu du Lagardek

Christine Lagarde NDFko burua, atzo, Berlinen. FELIPE TRUEBA / EFE.
2017ko apirilaren 11
00:00
Entzun
BERLIN.«Mundu guztiak ez ditu jaso merkataritzaren onurak», aitortu zuen atzo Christine Lagarde NDF Nazioarteko Diru Funtseko buruak. Globalizazioa defendatzeko txosten bat ondudute NDFk, Munduko Bankuak eta MME Munduko Merkataritza Erakundeak, eta testuak onartu du mundializazioak eta teknologiak lanpostuak kendu eta soldatak txikitu dituztela bereziki herrialde garatuetako sektore ekonomiko jakin batzuetan. «Mina benetakoa da», Jim Yong Kim Munduko Bankuko presidentearen esanetan, baina azaldu zuen «politika zuzenekin» merkataritzak lagun diezaiekeela «atzean geratu direnei».

AEBetako eta Europako eskualde batzuetan deslokalizazioak eskulan ugari galtzea ekarri duela ondorioztatu du txostenak, eta aitortu du jarduera ekonomikoaren irabaziak ez direla orokorki banatu. Horrek guztiak sortutako haserreak azkenaldian loratu den protekzionismoa hauspotu duela esplikatu du testuak.

Ikerketaren arabera, herrialde garatuetako soldaten jaitsieraren erdia teknologiak eragin du, eta laurden bat globalizazioak. Aldiz, garabidean diren herrialdeetan ez dira asko kaltetu soldatak, produktibitatea eta hazkunde ekonomikoa eragin dutelako. «Merkataritza jende gehiegi ari da atzean uzten, bereziki herrialde garatuetan», dio txostenak. Baina soluzioa merkataritza gehiago dela uste dute hiru erakundeek: «Merkataritza denontzako hazkundearen motor bilakatu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.