Mikel Landa ez da osatu, eta ez da ariko Espainiako Vueltan

Movistar taldeko txirrindulari arabarra erori egin zen Donostiako Klasikoan, eta min hartu zuen gerrialdean

2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Movistar taldeak atzo jakinarazi zuen Mikel Landak ez duela parte hartuko Espainiako Vueltan. Donostiako Klasikoan eroriko bat izan zuenetik Vueltarako sendatzen saiatu da, baina ez da osatu, eta ez da izango larunbatean Malagan (Espainia), irteeran.

Eusebio Unzue Movistar taldeko zuzendariak esan zuenez, «gure esku zegoen guztia egin dugu azken hamabost egun hauetan Mikel osatu zedin, baina ez da posible izan. Hausturaren ondorioz, gerrialdean mina zuen, eta horri aurretik izandako saihetsetako haustura batu zaio».

Unzuek azaldu zuenez, ez dute baztertu Landak Britainia Handiko Itzulian parte hartzea (irailaren 2tik 9ra jokatuko da). Txirrindulariaren hobekuntzaren arabera hartuko dute erabakia. Larunbatean Malagako irteeran Movistar taldearen zortzikoan euskal herritar bakarra egongo da: Imanol Erbiti.

Euskadi-Muriasek ere atzo jakinarazi zuen taldearen lehen itzuli handian parte hartuko duen zortzikoa, tartean sei euskal herritar: Jon Aberasturi, Aritz Bagues, Mikel Bizkarra, Gari Bravo, Mikel Iturria eta Oscar Rodriguez.

Beste talde batzuetan ere izango da euskal ordezkaritzarik: Omar Fraile eta Pello Bilbao Astanan; Ion eta Gorka Izagirre Bahrainen; Alex Aranburu eta Jonathan Lastra Caja Ruralen; Markel Irizar Treken; eta Igor Anton Dimension Datan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.