Baskoniak Euroligako partida dauka gaur Berlinen

Bosgarren jardunaldiari zegokiona da, eta, irabazten badu, lehen zortziren artean bukatuko du lehen itzulia

2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
SASKIBALOIA. TD Systems Baskoniak Euroligako partida dauka gaur Berlinen, Albaren aurka (19:00), eta lehen itzulia amaitutzat emango du. Berez, bosgarren jardunaldiari zegokion norgehiagoka da, baina ezin izan zen jokatu, Alemaniako taldean COVID-19aren kasuak zeudelako. Orain ere erasan die gaitzak, eta, besteak beste, Aito Garcia Reneses entrenatzailea dago berrogeialdian. Hori gutxi ez, eta lesioek ere jo dute Alba; gaur, hiru jokalari garrantzitsu faltako dira: Marcus Eriksson, Peyton Siva eta Luke Sikma. Lesioak lesio, herenegun garaipen handia lortzeko gai izan ziren, Bayern Munich menderatu baitzuten ligan. Partidako jokalaririk onena Jayson Granger izan zen, Baskonian aritu zen joko antolatzailea aurreko hiru denboraldietan.

Euroligako sailkapenean, Baskoniak alemaniarrek baino bi garaipen gehiago dauzka. Gaur irabaziko balu Dusko Ivanovicen taldeak, lehen zortziren artean bukatuko luke aurreneko itzulia. Horixe du lehen fase honetako helburutzat Montenegroko entrenatzaileak, eta hala berretsi zuen atzo: «Jokalariak gogo handiarekin daude helburu hori lortzeko». Bolada onean da Baskonia orain, Euroligan eta Espainiako ligan bost partida segidan irabazi baititu.

Bestalde, Acunsa GBCko Jaime Echenique pibotak ez du gehiago jokatuko sasoi honetan. Eskuineko belaunezur tendoia hautsi zuen larunbatean, Bilbo Basketen aurka, eta ebakuntza egingo diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.