Apirilaren 20an hasiko da Giza Eskubideen XVI. Zinemaldia

Petra Volperen 'Die göttliche Ordnung' film suitzarrak emango dio hasiera Donostiako jaialdiari

Die göttliche Ordnung filmaren irudi bat. DONOSTIAKO GIZA ESKUBIDEEN ZINEMALDIA.
2018ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
ZINEMA. Apirilaren 20tik 27ra bitarte egingo dute Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia. Hamaseigarren aldia izango du aurtengoa, eta Suitzatik iritsitako film batekin emango diote hasiera, Petra Volpek zuzendutako Die göttliche Ordnung lanarekin, hain zuzen. Suitzako emakumeek botoa emateko eskubidearen alde egindako borroka kontatzen du filmak.

Egitarau osoa aurrerago jakinaraziko dute, baina esanak dituzte jaialdian erakutsiko dituzten lan batzuen izenak. Ohi bezala, askotariko gaiak jorratuko dituzte programazioko filmek. Indarkeria matxista dute ardatz Beauty and The Dogs / Aala kaf ifrit (Kaouther Ben Hania) eta A Better Man (Attiya Khan, Lawrence Jackman) filmek. City of Ghosts (Matthew Heineman) lanak, berriz, beren herrialdean gertatzen denari buruzko kronikari bilakatutako siriar batzuen istorioa dakar. Frankismoaren biktimez eta justizia unibertsalaz dihardu Desde el otro lado del charco-k (Carlos Suarez, Isabel Suarez, Pablo Gimenez). Eta autokudeaketan eta lankidetzan oinarritutako supermerkatuen eredua erakusten du Food Coop-ek (Tom Boothe). Hauek ere izango dira gogoetagai filmen bidez: Gazako bizimodua —Muhi - Generally Temporary (Rina Castelnuovo-Hollander, Tamir Elterman)—, pederastia Elizan —Shootball (Felix Colmener)— eta eskola jazarpena —El silencio roto (Piluca Baquero)—.

Viktoria Eugenia antzokiko 19:00etako proiekzioen ostean, solasaldiak ere egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.