Iruña-Veleiaren ustezko iruzurraren ahozko epaiketa hasi du epaileak

Indusketaren arduradunek piezak faltsutu zituztela «egiaztatuta» dagoela uste du epaileak
Eliseo Gil, iaz egindako agerraldi publikoan.
Eliseo Gil, iaz egindako agerraldi publikoan. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Berria

2017ko maiatzak 4
ONDAREA. Gasteizko Instrukzioko Auzitegiko epaileak Iruña-Veleiako (Araba) indusketako ustezko iruzurraren ahozko epaiketa hastea agindu du. Eliseo Gil indusketaren zuzendaria auzipetuta dago, bertan lan egin zuten beste zenbaitekin batera, «iruzur jarraitua eta ondare publikoari kalte egitea» egotzita. 2005 eta 2006 artean Araban aurkitu zituzten Kristo aurreko III. mendeko erromatarren arrastoak faltsutzea egozten diete. Gilek garai hartan esan zuen «aparteko» 400dik gora pieza aurkitu zituztela euskarazko eta latinezko idatziekin, eta euskararen jatorriaren inguruko teoriak hankaz gora jarri.

Susana Junquera epaileak uste du indusketaren zuzendaria eta gainerako auzipetuak ados jarri zirela piezetan euskaraz idatziak eginda «etekin ekonomikoa eta prestigio profesionala» lortzeko. Autoan agertzen denez, erromatar garaiko arrasto horietan egindako kaltea 600 inguru eurokoa zen pieza bakoitzean. Epaileak azpimarratu du Espainiako Ondare Kulturalaren Institutuak eta Kultur Ondarea Zaintzeko Kontserbazioko Goi Eskolak «egiaztatu» dutela pieza horiek ez zirela benetakoak.

Auto horren bitartez, fiskaltzak eta akusazioek hamar eguneko epea dute ahozko epaiketa has dadila eskatzeko eta akusaziorako edo artxiborako eskaera idazteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna