Memoria legea ez betetzeak zigorra ekartzea nahi dute

Berria -

2018ko otsailak 24
IRUÑEA. Ezkerrak Nafarroako memoria historikoaren legea osatzeko proposamen bat aurkeztu du. Lege horri zigor araubide bat ezarri nahi dio; hartara, ikur frankistak kentzen ez dituztenak zigortzeko oinarria izango du Nafarroako Gobernuak, besteak beste.

Jose Miguel Nuin Ezkerrako legebiltzarkideak «mugarritzat» jo du memoria historikoaren legea. 2013an onartu zuten, eta ordutik «memoria demokratikoa» berreskuratzeko balio izan du, haren ustez. Dena den, oroitarazi du badaudela legea betetzen ez duten «espazioak», eta ohartarazi du hori ezin dela onartu. «Hori eteteko, zigor araubidea behar da». 200 eurotik 10.000 euro arteko isunak proposatu dituzte, legearen urraketa mailaren arabera.

Nuinen iritziz, lege proposamenak aurrera egingo du. Gobernua babesten duten alderdien babesaz gain, oposizioko taldeen babesa ere eskatu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna