Mugi sisteman sartuko da Renfe, garraioa bateratuz

2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Gipuzkoako txartel bakarraren sisteman integratuko dira Renfeko aldirietako trenak datozen hilabeteetan. Marisol Garmendia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuak aldundiaren eta Renferen arteko «akordio tekniko» bat iragarri zuen atzo. Sistemarekin bat eginda, aldirietako trenen erabiltzaileek Mugi sistemako deskontu eta tarifa berberak izango dituzte. Renfe integratuta, Mugi sistemaren barruan txertatuko da Gipuzkoako garraio publiko osoa.

Garmendiaren arabera, lau urteko iraupena izango du akordioak, eta urtez urte berritu ahalko da. Alabaina, akordio hori sinatu aurretik hura «aztertu eta onartu» egin beharko dute Espainiako Sustapen Ministerioak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintzaritzak. Garmendiak azaldu du zenbait xehetasun «tekniko eta ekonomiko» lotzea falta dela.

Akordioaren arabera, bere geltokiak Mugiren erabilerarako egokituko ditu Renfek, eta hileko abonuetan eta urrezko txartelean orain arteko prezioei eutsiko die. Trukean, garraio agintaritzak aldirietako tren zerbitzuaren «oreka ekonomikoa» bermatuko du, Mugiren deskontuei dagozkien galerak berdintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.