Itunpeko eskolek greba egingo dute udazkenean

2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
BILBO. EAEko itunpeko hezkuntzak sei greba egunekin hasiko du 2018-2019ko ikasturtea. Aurten eginiko hiru greba egunek ez dute sindikatuek esperotako aurrerapenik ekarri Kristau Eskola eta IZEI patronalekin hasitako negoziazioetan. Beraz, ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek grebarako deia egin dute urriaren 9 eta 10erako, eta azaroaren 27, 28, 29 eta 30erako. Bi patronalen artean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako itunpeko hezkuntzaren %70 osatzen dute, eta deialdiak 9.000 irakasleri eta 120.000 ikasle ingururi eragingo die.

Sindikatuak iazko azaroan altxatu ziren negoziazio mahaitik, eta adierazi dute ordutik ez dela egon elkarrizketarik. Salatu dute patronalaren «immobilismoak» ez diela utzi grebara joatea beste biderik. Izan ere, 2009tik ez dute hitzarmen berririk adostu. Sindikatuen esanetan, «sostengaezinak» diren lan kargak dituzte langileek, eta erosteko ahalmenaren %10 baino gehiago galdu dute.

Erosteko ahalmena berreskuratzea eta DBHko irakasleen soldatak berdintzea eskatu dute. Horrez gain, ikasgelen itxierak eragin diezaiekeen langileei beste lanpostu bat bermatzea eta egoera prekarioan daudenen lan baldintzak hobetzea ere galdegin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.