EAEko memoria historikoaren legerako pausoa

Berria -

2018ko otsailak 16
GASTEIZ. Eusko Legebiltzarrak erabaki du memoria historikoaren bidean aurrera egitea, lege proposamen bat atzera bota eta astebetera. Gogora institutuari eskatu dio orain arteko politikak aztertzeko, beharrizanak zehazteko, eta egungo araudiaren aukerak eta gabeziak zehazteko. Zortzi hilabeteko epea eman dio horretarako. Txosten horretan oinarrituta, Eusko Legebiltzarrak erabakiko du memoria historikoaren lege bat lantzen hasiko den ala ez.

Legebiltzarreko osoko bilkurak onartu zuen bide hori egitea, atzo. EAJk eta PSE-EEk egin zuten jatorrizko proposamena. Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk babesa eman zioten, erdibideko akordio bat lortu ondoren. EAJ pozik agertu zen neurriarekin, baina gaineratu zuen egun badagoela memoria historikoaren legetzat jo daitekeen araudi bat: Gogora institutua arautu zuena.

Aldiz, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek EAJren jokabidea kritikatu zuten. Batetik, legea abiaraztea txosten baten menpe jartzea leporatu zioten. Bestetik, legea eztabaidatzen hasteko prozesua «urte bat» atzeratu izana kritikatu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna