Sexu indarkerien aurkako lege bat proposatu du Podemosek

Esan dute biktimaren «onarpena» jarri behar dela sexu erasoen erdigunean, eta ez erresistentziarik izan den.

Berria -

2018ko uztailak 12
MADRIL. Unidos Podemos koalizioak sexu indarkerien aurkako lege integral bat aurkeztu du Espainiako Kongresuan. Besteak beste, sexu abusuen eta sexu erasoen arteko ezberdintasunik ez egitea proposatu dute, horrela «indarkeria erabiltzeko baldintza» desagertuko litzatekeelako.

Hala adierazi du koalizioko diputatu Angela Rodriguezek: «Indarkeria ez da beharrezkoa gure askatasun sexualari eraso egiteko». Horregatik, «biktimaren onarpenik eza» jarri nahi dute erdigunean: «Helburua da delitua biktimaren jarreran zentratzea, eta ez erasotzailearenean». Alicia Ramos diputatuak gehitu du ez dela zigortzeko lege bat, «biktima babesteko» baizik; izan ere, besteak beste, aurreikusten du biktimek salaketarik jarri behar ez izatea laguntza jaso ahal izateko.

Koalizioak azaldu du Zigor Kodearen erreformaren helburua ez dela epaileek baloratzea biktimek ahoz emandako baiezkoa, baizik eta baiezko hori «gorputz hizkuntzarekin, ekintzekin edo egoerarekin» zehaztea. «Biktimak negar egiten badu edota parte hartu gabe geldirik geratzen bada, ez da baimenik egon», azaldu du Patricia Faraldok, proposamenean parte hartu duen aholkularietako batek.

Rodriguezek erantsi du «ikuspegi feministatik» landu dutela testua, eta gainera, lege proposamenak feminismoaren «hainbat eskaera historiko» jasotzen dituela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna