ZUZENDARIARI

Distira guztiak ez dira urre

Lourdes Garmendia Lacunza.
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Urtero bezala, egun hauetan, prentsak Irun?eko Udal Haur Eskoletako ikasturte hasieraren berri eman du. Aurtengoan, Lezkairu eskola berria ireki da, eta, ikasturte bat obretan eman ondoren, Mendebaldeko eskola berriz ireki da.

Itxura batean, albisteak distiratsua dirudi, ikasturtea hasteko bi eskola berri. Errealitatea, ordea, bestelakoa izan da. Langileen ordezkari garen aldetik, uste dugu ikasturtearen hasiera presazkoegia izan dela bi eskola horietan.

Mendebaldeko eskola obra amaitu gabe dagoela ireki da, langileak oraindik lanean ari zirela, horrek bai langileentzat, bai haurrentzat, istripuren bat izateko arrisku handia ekarri duelarik. Ezin aipatu gabe utzi oraindik burutzen ari diren lanek sortutako zarata, hautsa eta zikinkeria...

Hauek ez dira ikasturteari hasiera emateko baldintza aproposenak familientzat, baina ezta izugarrizko estres baten pean aurreikuspen falta osatzen eta ahalik eta sarrera duinena eskaintzen saiatu diren langileentzat ere. Nork hartzen du bere gain, haurrak eskolan daudela, langileek lanean jarduten duten bitartean gerta daitekeen istripu baten erantzukizuna?

Eta Lezkairu, aukera handiak eskaintzen dituen eskola ederra, ikasturtea obra amaituta hasten duena, baina, bestalde, ahalik eta egokien hasi ahal izateko ia denborarik gabe martxan jarri behar izan dena, langile guztiak (hezitzaileak zein laguntzaileak eta sukaldaria) eta altzariak behar bezala geletan kokatzeko ia tarterik gabe, jolaserako material gutxirekin...

Nork baimendu du ikasturtea baldintza horietan hastea? Osasun-zentro bat irekiko al zen gaixoak daudela argudiatuz, horiek behar bezala artatzeko behar den material medikoa gabe? Batengatik edo bestearengatik, haurtzaroa beti galtzaile ateratzen da. Erabaki horiekin argi ikusten da, gaur egun ere, zenbaitek, haurtzaroarekiko eta haien familiekiko arretaren kalitatea, gurasoek lan egiten duten bitartean, haurren zaintza huts gisa ulertzen dutela.

Argi utzi nahi dugu haurtzaroaren ikuspegi eskas hori 0-3ko profesionalek osatzen dutela, berriz ere, beren erantzukizunarekin, profesionaltasunarekin eta ahaleginarekin.

Hau izan da, egunkarietako albistea eta argazkia alde batera utzita, bi eskola horien hasieraren beste errealitatea.

Garrantzitsuagoa al da ikasturtea haur, familia eta langileendako baldintza duin eta seguruetan hasi beharrean nola edo hala hastea? Iaz Goizeder eskolaren ikasturte hasierako esperientzia txarra izanda, zergatik ez da aintzat hartu ikasturte hasiera hau kudeatzeko beste modu bat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.