SAIOA ITXI

Hasiera / Iritzia

ZUZENDARIARI

Euskararen patu nazionala

Martxel Aizpurua.

2019ko urriak 24
Urriaren 3an Euskara patua izenburuko idatzi bat agertu zen hemen bertan. Euskararen inguruan nabari diren kezka edo uste batzuen lekuko iruditu zait. Saiatuko naiz neure burua ordenatzen.

Batetik, bada garaia euskara batuaz ez gehiago hitz egiteko, ezpada euskaraz. Espainiera edo frantses batuaz hitz egiten ez dugun bezala. Jada, 50 urte ondoren, euskara baturik dago.

Bestetik, ez genituzke nahasi behar euskaraz zuzen idazteko Euskaltzaindiak 50 urte hauetan emandako arauak eta jadanik euskaraz funtzionatzen den eremuetako kideek erabiltzen dituzten terminoak. Euskaltzaindiak hartutako erabaki nagusiak ortografikoak, lexikoak, morfosintaktikoak eta onomastikoak dira.

Bestalde, eremu berezietako batzuetako terminoak aipatzearren, esaterako, aipa daitezke: Fisika, kimika, matematika... Euskalterm-en 59 eremutako hiztegiak topatu ditut. Alor horietako terminoak alor horietakoek hartuak dira, betiere gaur egun dagoen lexiko-bilketa ikaragarria kontuan hartuz eta aholkuei jarraituz. Denok aipatu izan dugu medikuek elkarrekin komunikatzeko —guretzat arrotz dena, bestalde— darabilten hizkera berezia. Hala gertatzen da beste alor askotan ere.

Argi esan behar da alor horietakoek hartutako erabakiak Euskal Herri osorako direla. Euskara hizkuntza nazionaltzat daukagu, batzuek behintzat, eta horren arabera alor horietako batean sartzen denak dagoeneko erabakita dauzkaten terminoak erabiliz hasi behar du.

Errotulazioari buruz ere gauza bera esan daiteke. Ezin dugu aurrera egin urteera, irteera, ateratzea edo irtetzea erabiliz lurraldearen arabera.

Goian aipatutako idazlea «aparkalekuaz» da kexu. Kontsultatu dut Euskalterm, eta garraio, merkataritza, eraikuntza... alorretan parking eta aparkalekua, biak daude onartuak, Euskaltzaindiak normalizatutzat emanak, gainera. Alor horietako erabakietan parte hartu ez dugunoi ez dagokigu zuzen-zuzen horiei jarraitzea besterik. Horrela ikusten dut nik. Ondorioz, ikasi, ikasi eta ikasi da geure buruari eskatu behar dioguna.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna