ZUZENDARIARI

Analfabeto digitalak

Haizea Barcenilla
Bilbo.
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Unibertsitateko lehenengo mailan ikasleei irakasten dizkiedan gauzen artean Xuxen zuzentzailea instalatzea eta Word artxiboetatik PDF-ak egitea daude. Ikasturtea hasterakoan zein programa eta online baliabide erabiltzen dakiten galdetzen diegu eta erantzunak triste xamarrak izaten dira: oinarrian, testu prozesatzaileak, Power Point eta sare sozialak.

Nire lankide batzuk harritu egiten dira halakoak entzutean, haiek ere bideo bat egiten edo Wikipedia editatzen ez dakiten arren. «Natibo digitalak dira», esaten dute. Ahaztu egiten zaigu gu ere idazkerak antolatu eta menperatutako mundu batean jaio ginela, baina, hala ere, irakurtzen eta idazten ikasi behar izan genuela. Urtez eta urtez, hain zuzen, egon ginen zeregin horietan trebatzen, horren sofistikatuak diren eraikuntza sozialak ez baitira berez norberaren buruan hazten, eta are gutxiago haiekiko ikuspegi kritikoa.

Online irakaskuntzak errealitate horrekin jarri gaitu aurrez aurre: teknologien garaian bizi gara baina ikasleek zein irakasleok ez ditugu ondo ulertzen, ezta menperatzen ere. Gure mundua hain da konplexua, ezen botere estrukturak bistaz galtzen ditugun aise. Azken produktuak kontsumitzen ditugu produktuak direla ohartu gabe; tresnak gainazaletik erabiltzen ditugu, jakin gabe gurera nola ekarri, eta horien erabilerak inplikatzen duena ezin ulertuta. Wikipedia, jakintza librea zabaltzeko proiektu kolektiboa, eta Facebook, gure datuak saltzeko baimena duen megaenpresa kapitalista, askorentzat gauza bera dira: online tresna bat.

Esaterako, asteburuan hainbat lagunek asaldura adierazi dute geolokalizatu gaitzaketela esaten duen Espainiar Gobernuaren dekretu berri baten aurrean. Dirudienez, koronabirusa duten pertsonak kokatzea helburu duen aplikazio bat jaitsiz gero, horrek geolokalizatu egingo gaitu, gure mugimenduen berri emanez. Beharrezkoa da bizi garen autoritarismo une honetan eskubideen urraketei adi egotea, baina ez legoke gaizki unea aprobetxatu eta, atzera begira ere, beste botere estrukturekin halako kritikotasun maila erabili ote dugun pentsatzea. Izan ere, estatuak ez du gu geolokalizatzeko beharrik: Google Mapsek, Bizkaibuseko aplikazioak, Amazonek, Tinderrek eta beste askok une oro gaituzte kokatuta. Eta gure datuak edonori saltzeko baimena eman diegu, gainera. Ongi etorriak panoptiko digitalera.

Une hau erronka harrigarria izaten ari da esparru askorentzat; besteak beste, egun batetik bestera digitalera pasatu den hezkuntzaren arloarentzat. Baina egoeraren aurrean galdera okerrak planteatzen ari garelakoan nago: etorkizunari begira, kontua ez da nola irakatsi online, baizik eta nola eman gure mundua kontrolatzen duten erraldoien gaineko irakaskuntza kritikoa eta informatua bere menpean biziko garen gizaki guztioi. Argi baitago gero eta gehiago direla natibo digitalak, baina gero eta ugariagoak garela analfabeto digitalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.