ZUZENDARIARI

Estatuaren ikuskeraz

Iñaki Idigoras Igartua. -

2019ko ekainak 12
Ikuskera batera egiten garenean, ulertu egiten ditugu aurrean ditugun gertakizunak; ikuskera horren zentzuarekin ulertu ere. Ezinbesteko zaigu ikuskera lantzea, ulertu eta jakin-mina asetzeko.

Esan beharrik ez dago, gertaera batzuk ikuskera horretatik ez direla behar bezain ondo ulertzen. Modeloa hausten dutela. Orduan, zalantza sortzen zaigu. Zientzian, sarri. Onar dezakegu, eta gure ikuskera moldatu; ala ez, eta gertaera hori salatu, faltsutzat jo. Dogmatismoaren gaitzean sartu gara. Ikuskera baino, ikuskera daukagu, sanoki gertatzen ari den hori onartu nahi ez duena. Baizik eta ezkutatu, gure hegemonia edo nagusitasuna zalantzan ez ipintzeko. Eutsi behar diogu hainbeste lanez lortutako ikuskera horri. Hainbeste onura eman dizkigun ikuskera horri. Eri bada ere, iraunarazi.

Azken finean, interesa gertaeretan izan baino, norbere ikuspuntuan zentratzen dugu. Geure tesia, geure betaurrekoak. Geure estatusa, geure egoa. Egia, ikuskera.

Adibideak dozenaka ditugu auzoan. Euskaldun eta katalanok anomalia gara espainiarren ikuskeran. Lurrazpiratu beharrekoak, mamu zaharrak berpiztu ez daitezen. Luzaroan dakigu hau, azalean eta bihotzean ere sentituta. Espainiako botere politiko, militar eta judizialak ikuskera bera daukate: España una y grande, Adam eta Evaren garaietatik. Vatikanoa lagun, errege katolikoak, konkistak, inkisizioa, bortxa... Zer ez!

Euskaldunontzako kanpo faktore bat da, eta nekez egingo dugu ezer, alderdiak horretan tematzen badira ere. Eskean, morroiak nagusiari bezalaxe. Europan ikusteke dago Katalanek urratu bideak noraino egingo duen.

Eta, etxean, egin al dezakegu zerbait gure arbasoen mamu lurperatuak azaleratzeko? Bada, baiezkoan nago, abertzaleon esku dagoelako. Geure esku dago, baina zoritxarrez etxean ere zabaldua daukagu ikuskera gaitza. Geure interesen kontrakoa, gainera!

Vatikanoa eta Espainia gutxi ez, eta hemen EHUko katedrak eta (Arabako) alderdi abertzaleak batu dira Eliseo Gilek gidatutako Lurmen enpresak Iruña-Veleian azaleratutako aurkikuntzak faltsu direla ondorioztatzeko. Froga zientifikorik gabe, ikuskeritiko iritzi soilez. Ikuskera aldatzeak beren modeloa zalantzan jarriko luke. Lurrak ematen diola eguzkiari buelta? Jota zaudete ala? Dioskute beren talaiatik.

Prozedura kalbario egin dute inkisidoreek. Eliseo deabrua bertan gurutziltzatzeko. Nolabait, egin dute jada, hamar urtez gorako prozesu katramilatsu batekin. Llarenak katalanekin darabilenaren pareko.

Honen arduradun zareten alderdiotako euskaldunok, neuk hauxe ez dizuet onartzen. Gogoan izango dut eta nire semeari kontatu, nola euskaldunok ere ez gauden geure (arbasoen) kontra egiteko gaitzetik libre. Jakintza biziberritu baino, nahiago duzuela zuen estatus politiko mantendu, instituzioetan botere kuota handitu. Marketinarekin zurituko duzue, hauteskunde atarian, leloetan, pertsona helburu jasota.

Auzoan, euskaldunok beharko genuke izan abiapuntu eta helburu. Alboko auzoekin gure ikuskera partekatuz, eta mundua hobeto ulertzeko, beraiena ere jasoz. Irekian, hertsitasunik gabe, konplexurik gabe, oparotasunez. Orduan gerturatuko gara barruan daramagun 'iza' sakonkiago ezagutzera.

Naiz, gara, gogo.