ZUZENDARIARI

Itsasoan gertatzen dena gure etxean hasten da

Gorka Alberdi. -

2018ko abenduak 5
Flyschak plastikoz beteta ikusteak harrabotsa eta kezka sortu du azkenaldian, gure kostaldean dagoen kutsadura eta zikinkeria dela-eta. Baina itsasoan amaitu duten hondakin horien zati handi bat gure lurraldetik joan da, eta hori oso gutxitan aipatzen da; aipatuta ere ez da zehazten. Ematen du askoz errazago egiten zaigula arazoa kanpoan kokatzea, baina hemen ere badauzka bere sustraiak.

Hemengo hedabideek ez digute horretarako aukera handirik ematen. Jendeak barneratu behar luke itsasoko irudi horiek gureak ere badirela, eta arazoa gainditzera beharturik gaudela. Horrek izan behar luke hedabideen lana. Baina, ordea, esaten digute itsasoko milaka kilo hondakinen arazoa globala dela. Horrek ez du batere laguntzen, askoz gutxiago Indiaz hitz egiten digutenean. Bertoko erakundeek ere gaitz horren aurrean ez dituzte beharrezko neurriak abian jartzen. Ez gaituzte hezten.

Zenbat ubide, erreka, ibai eta ertz ikusten ditudan plastiko zuri eta beltzez edo beste mota batzuetako hondakinez josita. Zenbat aldiz gelditzen naizen Urola ibaiari begira eta zenbat aldiz ikusten ditudan plastikoak eta beste mota batzuetako hondakinak beren bidea hartuta, itsasorantz txalupa bezala doazela. Holako irudiak parean izatean, garbi gelditzen zaio bati ez herritarrek eta ez erakundeek ez diotela gaiari behar duen garrantzia ematen: ez gara ohartzen ingurumenarekin arazo handia dugula. Baina sinetsita nago, ingurua eta ibaiak holaxe ikusita, behartuta gaudela haien egoera aldatzera; horregatik ezin naiz isilik geratu.

Ezin da onartu itsasoak jasaten duen kutsadurarekin gora eta behera ibiltzea, eta, aldiz, ibaien egoeraz ezer ez esatea, harreman zuzena baitauka han gertatzen denarekin. Hondakinek ez dute dagokien edukiontzian edo lekuan amaitzen, edozein bazterretan baizik. Hor dago gakoa: kudeaketa arazo baten aurrean gaude.

Ubideak, errekak, ibaiak... itsasoaren zainak dira, eta hemen gertatzen dena gero itsasoan islatzen da. Berriro errepikatuko dut: itsasoan gertatzen dena gure etxe parean hasten da.

Zalantzarik ez dut beste kontzientzia maila batera igo behar dugula. Lasai oso ikusten ditugu gure ibaiak zikinduta, bi edo hiru urtean behin garbiketa egin eta ehunka kilo ateratzen ditugunez. Hondakinak eta zaborrak ez daude gure zain, uraren menpe baizik; ehunka kilo ateratzen badugu, milaka itsasoratzen dira urak eramanda.

Barneratu behar dugu hondakinek ibaian amaitzea arazo bat dela eta ingurumenari kalte handiak sortzen dizkiogula.

Udalek eta foru aldundiek sentsibilizazio kanpainak eta neurriak abian jarrita, eta horiek denboran mantenduta, aldaketa handia ekar dezakete. Beraien eskuan dago, eta beraien betebeharra da. Dena daukagu irabazteko, keinu txikiekin handiak izan daitezke lorpenak.

Beraz, badakigu arazoa non hasten den, hondakinak ibaira eta itsasora nola ailegatzen diren ere bai... orduan bide gehiena eginda daukagu. Benetan itsasoren egoerak mintzen bagaitu eta hortik iristen zaizkigun irudiak aldatzea nahi badugu, egin dezagun urrats bat aurrera. Has gaitzen itzultzen ibaiari kendutako eskubideak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna