ZUZENDARIARI

Berri txarrak

Ander Iriarte.
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Nafarroan izan behar zuen, hamahiru urterekin Abaigarko euskal udalekuetan lehenengoz entzun nituela, minutu bat soberan izan zen, betiko lelo bihurtzeko. Beraiekin ikasten hasi nintzen, Sarrionandiak aspaldi utzitako zeldari buruz eta bere letrek biluzik uzten ninduten. Zer nekien nik orduan iritsiko zela eguna, ikusi arte esan beharko genuena. Egun hori izan zen niretzat, odisea baten icebergaren punta. Eta hortik aurrera Oihu! eztarria urratu arte zuen kontzertuetan, hamabost urterekin bizirauten saiatzen nintzen bitartean. Nerabetasunarekin, mundua begiratzeko leihoak ireki zitzaizkigun, eta argi geratu zitzaigun, hil baino lehen, bizi egin behar genuela, edo akaso biziraun, eskuak eta ukabilak erabiliz zirku mediatiko honetan.

2003 urtea... Irailaren ordez gure martxoak 10 partikularra izan genuena. Zuen diskorik azkarrena, kanten artean pausarik gabe entzuten zena, eta mendebaldeko germaniar hizkuntzan, Tim Mcllrathek orroka bihotzak irekitzeko eskatzen ziguna. Kamaleoiak «ez naiz aldatuko» esaten bazuen ere, zuen laukote izena, izana eta ezina egina zen. Akaso hil zineten eguna? Zorionez bete ez zena.

Herriminez beterik Bartzelonan ikasten nenbilela, hirukote bezala aurkeztu zineten, eta oreka ezinbestekoa zen. Fenix-a bezala, hil eta jaio! Zuen iraultza txikian bueltatzen zineten. Ni hegorantz joan nintzen horretan zuekin beti iparra aurkitzeko. Nire kezkek beti aurkitzen zuten zentzua, kaskoak jarri eta edozein leku egiten nuenean gela neuria.

Eta begiak kliskatu orduko, Mikel joan eta David azaldu zen, justu gizartea bere dekadentziaren onenean zenean, payola ordaintzen zuten berek, krisian sartu ziguten urtean. Eta mende laurdena bete nuen urtean sortu zen azken egunera arte iritsi zaigun hirukotea, ala nola Ross Robinsonekin egindako disko gogorra. Eta nik jarraitzen nuen gozatzen Bartzelonan zuen kontzertuekin, Apolo salan! Duela gutxi itzuli nintzen Apolora zuei agur esatera, a ze guda eszenatokian, oraindik nago kamisetaren izerdia lehortzen.

Ez dakit oraindik zein diren zuen helduleku erraldoiak, baina badakit beti zerbait berria asmatzeko gai izan zaretela, eta sutxakurrak ez bezala, ez zaretela nolanahi nire bizitzatik desagertuko. Zuen musika ez da izango zimelkor. Eta ez naiz inolako spoiler bat egiten ari, gaur euskal kulturak bere arnasgune bat galtzen duela dela esaten badut. Apur bat zauritua dut bihotza, zuek izan duzuelako une askotan gure zorionaren lobbya, disko berri bat entzun edo kontzertuan akordez beterik duzuen gitarra hori astintzen zenuten bakoitzean. Badakizue beti sortuko duzuela dardara bat gure azalean, eta katedral bat eraiki duzuela, BECen edo Kobetamendin horrenbeste jende eten gabe euskaraz kantatzen jarri izan duzuenetan. Zuen infrasoinuak sartu zaizkigu, bai beude gure kulturaren birikak. Baina beude zuek! Izan zaretelako nire, eta askoren bizitzaren soinu-banda!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.