ZUZENDARIARI

Bihotzgrafiak. Geure beste malko bat

Joxemari Gabilondo. -

2018ko azaroak 7
Geure beste malko bat 2015eko irailaren 4an jaio zitzaigun, bihotzaren erdian, sofan etzanda, begi niniek telebistan Bodrum bainuetxe-herriko hareatzan ahuspez hiru urteko Aylan Kurdi haur txikiaren hilotza, olatuen laztanak lagun baino ez zituela, ikusi genuenean. Txikiaren ile bustiak, 26 neurriko zapatatxoek... Begi ninien erdian sorrarazitako distirak bihotzaren erdia estutuz jaio zen geure beste malko bat. Umetxoaren esku ahurrak, amatxoren bila ortzi-mugan, irekita ikusteak bultzatu zuten geure malkoa bihotzetik gora, eztarrian korapilo lehor bat eraginez, begirantz zuzen-zuzenean.

Telebistako argiek Aylan txikia, Turkiako Bodrum bainuetxe-herriko hondartzan, mahuka motzeko kamiseta, blai; praka motzak, blai; oinetako ñimiñoak, blai; begitxoak, penaz blai; erakustean geure beste malkoak ez zuen zalantzarik ere izan. Begietatik jauzi, eta isurian ahaide zaharren estratan barrena masailetik behera bere burua bota zuen.

Ezpainetan pausa txiki bat eginez, jada heldua zen malko jaioberriak eztiki so egin zion umetxoaren hilotzari: sabeltxoa airean zuela, txikiaren zilbor hestea hareatza hezeak etenda zuela, haurtxoa sehaskarik gabe betiko lo zetzala... Zapore gaziaren oihu hotz-hitsez, bihotza, ama agurtu eta estolderian behera abiatu zen itsasorantz beste malkoen bila.

Gaur egun, geure beste malkoak itsasoan darrai, Aylan Kurdi bezalako hamaika umetxoren esku ahurretan laztan-besarkadak eginez. Hamaika mila Aylan Kurdik hamaika mila Bodrum bainuetxe-herriko hareatza bustiko duen beste malko bat sor dezaten baitu itxaropen; bizitza den askatasun-oihuaren seinale.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna