ZUZENDARIARI

Inertzia

Barakaldo.
2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Isaac Newtonek (sagarra eskuan) inertzia-teoria garatu egin zuen. Horrek dio: «Gorputzak bere mugimendua edo egonaldi uniformea eta zuzena gordetzen du, baldin eta indar batek bere egoera aldatzera behartzen ez badu». Denok dakigunez, orain dela pare bat aste Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko gazteei bi eta hamahiru urte arteko sententziak berretsi zizkien. Hau salatzeko, datorren iganderako manifestazio bat antolatu da Altsasun bertan.

Pertsonalki, badira nire egonaldi uniforme eta zuzena aldatzera behartzen nauten zenbait indar. Lehenengo indarra sententzia-berrespena bera da; horrek, beste behin ere, argi esaten digu kartak markatuta daudela. Bigarrenik, gaztetasuna da. Hau da, nire datorren iganderako bidaideak hemeretzi urtekoak dira, eta, plana proposatu eta gutxira, han egon behar zutela esan zidaten. Azken finean, etorkizuna egungo gazteek idatziko dute, eta gazteenganako konpromiso hau ikustea goraipatzekoa da.

Indar-pilaketarekin jarraituz, kartzelatutako Altsasuko gazteen ama baten izendapena Euskal Herria Bilduri (Madrilen) ordezkatzeko, Altsasura joatera bultzatzen nauen hirugarren indarra da. Nire ikuspuntutik, sinbolismo eta duintasunez betetako erabaki egokia da; egia esan, une honetan nafar guztien interesak defendatzeko ez zait proposatutako zerrendaburua baino hoberik bururatzen. Bukatzeko, indarren pokerrak elkartasuna osatzen du eta, hein batean, Altsasun egongo garenok konpartituko dugun indarra elkartasuna izango da. Nire kasuan, lau izan dira metatutako indarrak Altsasura joateko. Halere, zureak bi edo sei izan daitezke, baina inportanteena da guztion indarrak igandean batzea, eta astelehenetik aurrera ere beharko dugulako aurrera egitea. Gure tranparik gabeko kartak erakutsi diezazkiegun. Aurrera Altsasu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.