ZUZENDARIARI

Desorekak

Barakaldo
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Bartzelona, Girona edo Tarragonako karrikek, segur aski, oraindik gogoratzen dituzte orain dela hiru urteko gertakariak. Badira hiru urte gizarte katalana kalera atera zenetik, botoa emateko eskubidea erabiltzera. Jendea ere bada erreferendum hura legezkoa izan ez zelakoan daudenak, batetik, aldebakarrekoa izan baitzen (behin eta berriro ate joka zabiltzanean irtenbide bat lortzeko eta une oro horri egiten diote uko….), eta,bestetik, Espainiako Konstituzioan eskubide hori ez baita ageri. Nik dakidala, zorioneko konstituzio horrek dio herritar guztiok, esaterako, etxebizitza eta lan duina izateko eskubidea dugula. Tamalez, kale gorrian eta lanik gabe dagoen jendea existitzen da, eta horrek adierazten du Espainiak, aipatuko ez ditudan beste hainbatetan bezala, legezkoa hitza erabiltzen duela komeni zaionean.

Ez dugu zertan gogoratu polizia espainiarraren jokabidea erreferendumaren egun hartan. Legezkoa?, ez, harago, antidemokratikoa. Gainera, nor eta Espainia izan da kontsulta demokratiko bat indarrez saihestu duen Europako estatu bakarra (ezta Bielorrusian ere). Agintari katalanak ari dira betetzen kartzela zigorrak legez kanpoko erreferendum bat antolatzeagatik. Alta, egun hartan neurrigabeko biolentzia erabiltzearen arduradunek, ez dute zigorrik jaso (seguruenez epe laburrean kondekorazioa izango dute). Finean,politika izan behar da guztion ongizatea eta nahia lortzeko tresna, eta, funtzio hau betetzen ez den bitartean, herritarrongan ezinegona eta herra eragiten dituzten desdoitze sozialak egongo dira. Desoreka hauek legezkoak ez direlakoan nago, hortaz, arduradunentzako zigorrak eskatzen ditut nik.

Artikulu hau idazten dut Kaledonia Berrian erreferendum bat burujabetza lortzeko eta Frantziatik ateratzeko antolatzen den egunean. Herritarrontzako politikak egiten direnean, desoreka hauek desagertzeko probabilitateak igo egiten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.