ZUZENDARIARI

Izurriteaz gogoeta

Gautegiz Arteaga
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Pandemia deritzan planeta mailako izurrite baten aurrean, inork ezin du albora begiratu edota hegopean burua ezkutatu. Ezta ere, diot nik, horren zergatiaz hitz egin gabe gelditu. Eta horixe da gertatzen ari dena. Guztia espantu eta alarma den honetan, halako eta honako neurriez etengabe diharduten bitartean, ezer gutxi da aipatzen kausari buruz. Ez deritzozue harrigarria? Izan ere, izurrite honen zergatia ezagutu gabe, nekez jakin dezakegu erremedioa zein den.

Pandemiaren kudeaketaz sekulako diskurtsoak. Ostera, zergatiari buruz, mutu. Harrigarria bezain alarmagarria deritzot; oinezko batek «hemen zer gertatzen da?» galdetzeko modukoa. Gai honetan oinezko hutsa besterik ez naizenez, ume galderak egingo ditut; hobeto esanda, barnean daramadan neandertalaren gogoetak.

Zeren ezin gelditu galderarik egin barik. Lehenbizi, estetikaren izenean. Izan ere, goizean goizero, leihoetatik kalera begiratzean eta jendea mozorrotuta ikustean, begia kolpatzen dit maskara-antzerkia dirudien eszenak. Zer pentsatuko luke hori dakusan galaktiko batek? «Zer gertatzen da Lur planetan?», galdetuko luke. Galdera, estetikaren aldetik ez eze, errealitate latzaren urjentziagatik eta etikagatik ere egin beharra dakusat, orain azaltzera noanez.

Ez da aditua izan behar gaixotasun arraro bat agertu dela ohartzeko. Epidemia anitz jasan du gizateriak, azken ehun urteotan ere hagitz.

Gerra eta miserien kausaz, hasteko. Orduan, eskerrak penizilinari eta txertoei. Miserien zergatiaz gain, zibilizazioaren gaixotasunak ditugu (polioa, leuzemia, minbizia...). Bakoitzak bere iritzia izango du zergatiaz, baina, ziur, ekoizpen-eredu kapitalistaren pean gertatu diren hiru industria-iraultzen albo-kalteak ditugula tartean: biosferaren toxikazioa eta horren ondoriozko guztia: klima aldaketa eta bio-aniztasunaren galera.

Orduan, aspaldiko gauza baten aurrean gaude. Ume nintzen arren, ondo gogoan dut gure baserrian entzun nuena: «Zeozer pasetan da atmosferan». Horixe esan zuten gaztainadiak gaixotu zirenean 1950ean.

Eta biosferaz ari naizenean, jada ez datozen enarak ditut buruan, kakarraldoak, ipurtargiak, erlea..., baita sagarrondoen hogei espezie haiek. Norat joan ziren?

Baina gatozen hona. Ez da izan behar aditua, nioen, aspaldiko horrek jauzi handi bat eman duela oraingoan, agian jauzi kualitatiboa. Sintomak? Horiek ere agerian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.