Rober Gutierrez.
ZUZENDARIARI

Egiten eta eragiten dugulako gara

2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Orain dela 22 urte Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua abiatu zen leku berera itzuliko gara aurten Bai Euskarari Sariak ekitaldia ospatzera, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen egoitza nagusira. Bihar izango da sari-banaketa ekitaldia, 13:30ean. Egiten eta eragiten dugulako gara. Horixe da aurtengo leloa, eta arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko eragiten duten hiru entitate sarituko ditugu, euskara sustatzen eredu direnak. Euskal Herri guztiko 1.318 entitatek osatzen dute Bai Euskarari komunitatea eta agerikoak dira euskararen sustapenean horiek guztiek egindako urratsak eta lorpenak. Sare handi horretako hiru entitateri aitorpena egitearekin batera, denok batera ospatuko dugu komunitateak alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragiteko duen gaitasuna.

22 urte pasatu dira arlo sozioekonomikoan euskarari bai esan eta lehen 231 gizarte eragile haiek konpromisoa hartu zutenetik. Gizartearen eskaerari erantzutea eta harremanetan, zerbitzuetan, oinarrizko funtzionamenduan kalitatezko euskarazko zerbitzua emateko helburua zuen 2000n hasitako bideak. Kalitate ziurtagiritik pauso bat aurrera eman eta arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean egiten eta eragiten ari den elkartea gara gaur egun. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea, eta alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eta eragiteko xedez aritu gara, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz. Proiektu propioak sortu ditugu (Ziurtagiria, Enpresarean, Lansarean lan-ataria, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak...), elkarlanean ere aritzen gara (Lazarraga Sariak, Euspot Lehiaketa, Beterri-Saretuz...), eta erakundeei zerbitzua eskaintzen hasiak gara (Arabako Enpresen Foroa, Euskara Langai...). Ziurtagiri bat baino askoz gehiago izatera iritsi gara, eta aurrera begira ere eremu ezberdinetan eragiten jarraitzeko konpromisoa dugu.

Bidea egiten ari gara, erabaki sendoz eta eguneroko ahaleginez. Indarrak biltzea eta elkarrekin lan egitea izan zen gure apustua, eta hori berrestera gatoz. Lehen Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu ziren egun hartatik, 22 urte geroago ere, beharrezkoak ditugu eragile, enpresa, erakunde eta norbanakoen arteko elkarlana, erantzukizuna partekatzea eta komunitate osoaren indarra eta konpromisoa, euskaraz eroso egiteko eta eragiteko, espazio guztietan. Horrekin batera, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko jauzi berriak behar ditugu, pentsatzeko, lankidetzak bideratzeko, egiteko eta eragiteko molde ausartagoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.