ZUZENDARIARI

Ingurumenaren aitzakia

2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Uda amaieran, EHUk udako ikastaro batzuk antolatu zituen, klima-aldaketaren gaia jorratzeko. Gipuzkoako Ingurumeneko foru diputatuak, Jose Ignacio Asensiok, baliatu zituen ikastaroak erraustegiak klima-aldaketari egindako ekarpen positiboa goraipatzeko, eta hori harrigarria da, gutxienez; erraustegiak, erretako tona bakoitzeko, CO2 tona bat isurtzen baitu atmosferara. Gainera, diputatuak esan zuen hiri-hondakinen %100 balorizatzen dela, eta energia horrekin, besteak beste, 50.000 etxe hornitzen direla.

Asensiok esan ez ziguna da erraustegiak lortzen duen eraginkortasun energetikoa %30ekoa dela; berrerabiliz eta birziklatuz, berriz, %80tik %90era bitarteko efizientzia lortzen da. Beraz, lorpen honekin erdietsiko liratekeen beste onuren artean: giro osasungarriagoa egongo litzateke, lanpostu gehiago, eta ez genioke ama lurrari agortzen ari den lehengaia txikituko.

Gero, diputatuak gaineratu zuen, erraustegiak iragazteko sistema berezi bat erabiltzean ez dagoela isurketarik ingurunera; baina hori ez da egia, horrelako substantzia arriskutsuen neurketa eskasarekin, hots, hiruhilekoan 6 eta 8 ordu bitartean, diputatuak adierazitakoa ezinezkoa baita. Emisioak dioxina, PCB edo metal astunenak badira, prozesua etengabeko monitorizazio batek kontrolatu behar du. Horren harira, esan behar da egoera txar horren erruduna ez dela soilik foru aldundia, baita Espainiako Gobernua ere; izan ere, beste herrialde batzuek dioxinen eta PCBren inguruko protokoloak egin dituzte, baina Espainiak ez. Espainia bat etorri zen Johannesburgoko goi-bileran (2000) dioxinarik eta furanorik ez ekoiztearekin, baina 2004an ez zuen akordioa berretsi.

Kontatutakoa gutxi balitz, esan behar da substantzia jakin batzuetarako, partikulak edo nitrogeno dioxidoa izan, probaldian erraustegiak baimendutako kutsadura-mugak gainditu zituela. Atal honetan ere, errekako fauna hil zuen Arkaitz-Errekara amoniakoa isuri zela gogorarazi behar da.

Gai horri buruz, bukatzeko, pare bat gauza. Lehena da Donostiako (%40) eta Bidasoaldeko (%52) banaketa-tasak hain apalak izaten diren bitartean, Gipuzkoako tasak (%55) eskasa izaten jarraituko duela. Eta bigarrena: hondakinetatik lortutako energiarekin hidrogeno berdea sortzen denez autobus-flota elikatzeko, uste dut horrek behintzat autobus-lineen maiztasuna mantentzeko balio beharko lukeela. Bada, ez da horrela izan, Andoaindik Donostiara doazen autobusen maiztasunak behera egin baitu duela gutxi, 15 minututik 60 minutura. Eta hori hainbat ibilbidetan gertatu da; jendeak autoa gehiago erabili beharko du eta CO2 gehiago isuriko du. Beraz, argi dago ingurumen-agintarien kezka kontu hutsa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.