edurne elizondo
ANALISIA

Albiste da albiste behar ez zuena

2015eko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Iruñeko Udalak NagoreLaffage omenduko du uztailaren 6an hasiko diren sanferminetan. Zentzuzkotzat eta logikotzat jo daitekeen hori berri bilakatu da asteon. Hil zuten hiriko udalaren omenaldirik ez duelako jaso Laffagek, orain arte.

Opus Deiren Klinika Unibertsitarioko psikiatra Jose Diego Yllanesek hil zuen Laffage, 2008. urtean, Nafarroako hiriburuko bestetan. «Ezetz errateagatik hil zuten nire alaba», gogoratu du Irungo (Gipuzkoa) gaztearen ama Asun Casasolak, asteon, Iruñean bertan.

Familiak urtero egin dio omenaldia Laffageri, sanferminen bezperan, eta emakume taldeen eta herritarren babesa izan du, beti. Ez, ordea, erakundeena. Iruñeko Udalak jarrera epela erakutsi du gehienetan, eta, zenbaitetan, Laffageren aldeko ekitaldiak oztopatu izana ere egotzi diote erakunde horri hildako gaztearen senideek eta emakume taldeek.

Iruñeko Udalak akusazio gisa parte hartu zuen 2009. urtean Yllanesen aurka egindako epaiketan. Udalaren hutsa nabarmena izan da, ordea, Laffageri gertatutakoa oroitzeko eta salatzeko jendaurreko ekitaldietan. 2008ko uztailaren 7an hil zuten Irungo gaztea; San Fermin egunean, alegia. Baina bestetan ukatu egin zaio Laffageri, orain arte, haren familiak eta Astelehen Lilak elkarteak eskatutako omenaldia.

Ez hori bakarrik. Duela bi urte, gaztearen hilketa oinarri zuen obra idatzi zuen Sandra Arronizek. Asmoa zen entzierroko ibilbidearen karriketan antzeztea. Baina Iruñeko Udalak ez zien baimenik eman. Ekitaldiak sanferminekin zerikusirik ez zuela argudiatu zuen udalak, bere ezezkoa justifikatzeko. Bertze ibilbide batean egin behar izan zuten antzezpena.

Aurtengo sanferminetan, morez argiztatuko dute herriko etxearen aurrealdea uztailaren 7an, eta xingola morea jarriko dute, Ezetz ezetz da leloarekin batera. Eskaera hori egin du Astelehen Lilak elkarteak, eta udalak onartu egin du. Oraingoan, bai.

Uztailaren 7koa ez da izanen Iruñeko Udalak Nagore Laffageri eginen dion omenaldi bakarra. Familiak haren alde antolatu duen elkarretaratzean parte hartuko dute erakunde horretako ordezkariek, gainera, uztailaren 5ean. Era berean, besten programan gogoratuko du udalak hildako gaztea. Laffageri buruzko aipamenarekin batera, eraso sexisten aurkako testua ere jasoko du programak.

Laffageren hilketa sanferminetan gertatu zen, gizon bati ezetz erran ziolako. Eraso sexisten inguruko kezka aspaldikoa da Iruñeko bestetan, baina gora egin du azken urteotan. Iruñeko Udala da sanferminen antolatzailea; hiriko emakume taldeek salatu dute, ordea, erakunde horrek ez duela, anitzetan, behar zuen neurria eman eraso sexisten auzian.

2005. urtean jarrera sexisten aurkako kanpaina antolatu zuen orduko Nafarroako Emakumearen Institutuak, besten harira. Iruñeko Udalak ez zuen bat egin. Urte hartan, hainbat emakume bortxatu zituzten Iruñeko bestetan, baina sanferminak amaitu eta gero egindako agerraldian aipatu ere ez zituen egin orduko alkate Yolanda Barcinak.

2013. urtean ere zalaparta handia sortu zuten sanferminetan gertatutako eraso sexistek. Ondorioz, Iruñeko Udalak kanpaina «indartsua» jarri zuen martxan iaz, hainbat emakume eta gizarte talderekin batera. Deigarria izan zen, hala ere, kanpainaren aurkezpenean Iruñeko orduko alkate Enrique Maiak parte hartu ez izana. Nagore Laffageren izena ere ez zuten aipatu aurkezpen hartan.

Bertzelakoa izanen da aurtengo egoera. Uztailaren 7an morez argiztatuko dute udaletxearen aurrealdea. Ezetz ezetz da leloa idatziko dute, eta, haren bidez, emakume guztien kontrako eraso sexistak eta sexu erasoak salatuko ditu hiriko erakunde nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.