ZUZENDARIARI

BTX / MTV

Eider Iturriaga -

2018ko urriak 24
Pasatu dira urte batzuk politikan militatzen hasi nintzela, askatasunaren alde, baina justu kontrakoa aurkitu nuela. Garai horretan ere taberna politiko batean lanean hasi nintzen. Hortxe topatu nintzen lehendabizikoz moralaren zaintzaileekin. Nik David Bowie entzun nahi nuen, baina ezin zen. Euskal Herrian esparru askotan adierazpen askatasunaren alde borrokatzen zen bitartean, inkisizio bulegoak zabaltzen ziren edonon, moralaren salbatzaileen agindupean. Hau bai-hau ez argi uzten zutenak, eta markatutakoaren ildotik ateratzen zen guztia kritikatu eta boikotatzen zen. Musika esparruan adibidez, EHko talde batek disko bat gazteleraz egiteagatik kritika, Madrilen jotzeagatik kritika, musika estiloagatik kritika... Eta abar luze bat.

Baina urteekin egoera hau aldatzen joan zen, eta taberna hauetan kanpoko musika onartzen joan zen. Onartutakoa regetoia izan da eta musika komertziala, ene! Zein arrazoi egon daiteke hau onartzeko, dirua ez baldin bada?

Berri Txarrak taldearen inguruko kritikak ere ez dira gutxi izan, eta aspalditik datoz. Estilo aldaketak kritikatu zaizkie, letra politiko argiak ez izatea, izan duten hazkundea, Madrilen jo izana, Radio 3en elkarrizketak egitea... Orain albistea lehertu da Berri Txarrak-ek MTVk antolatutako kontzertu batean joko duela, moralaren zaintzaileak labean egurra botatzen 3...2...1 boommm! Kritika asko entzuten ari naiz, taldearen letrak aintzat hartuta, taldearen hipokrisia agerian uzteko erabiltzen dute.

Proposamen bat egingo dizuet horrela pentsatzen duzuen guztioi, hartu zuen kontraesanak eta mahai gainean jarri, luze mintzatu gaitezke honen inguruan, baina moralisten zaintzaileak ez nituzke debatera gonbidatuko, gorroto eta fanatismoz jantzita etorriko zirelako.

Urte asko eman nituen politikan, baina askatasun ezak guztiz nazkatu ninduen. Hainbatetan errepikatu zidaten esaldi batekin geratuko naiz oraingoan: gustatzen ez zaizuna, barnetik aldatzen saiatu zaitez.

Eta barkaidazue, baina barre maltzur bat ateratzen zait eta emozio pixka bat ere bai, Berri Txarrak taldearen abesti azidoak San Mamesen 40.000 pertsonaren aurrean abestuko direlako, euskaraz, munduari begira MTVren plataforma erabilita, beraien eta sistemaren kontrako kritikak aurpegira eta barnetik txistua aurpegira botako diotelako. Dudarik ala? Troiako zaldi zauritua.

Ziur al gaude musika talde bati eskatu ahal diogula gure klase politikoari eskatzen ez dioguna?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna