Elikadura. Hazkurri kontuak

Likoreak

2014ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Patxarana eta basaranen likorearen arteko aldeak (?) aintzat harturik, legeak (?) xedatu omen du zer edan daitekeen eta zer ez, administrazio politikoaren arabera, zaletasun ekologikoak alboan utzita. Gure ustez, patxarana elorri beltz edo basaranekin egin izan da, etimologiak nabarmentzen duenez: «basaran» hitza berehala atzematen da «patxaran» horretan.

Elikadura Hiztegian bilatuta, hauxe topatu dugu: «Likorea, definizioz, pattar azukretu eta lurrindua da, litroko, gutxienez, 100 gramo alkohol duen edaria (likoreen gradu alkohometrikoa 15etik 55era doa) da, alkohol etilikoa lurrintzearen bitartez edo destilatu batetik ekoitzia.

Horretarako hainbat prozedura baliatzen dira, hala nola frutak eta landareak beratzea eta, batzuetan, ondoren distilatzea. Hiru multzotan sailkatzen dira: belar bakar batez, fruta bakar batez eta nahasketaz egiten direnak.

Azukre edukiaren arabera, mota hauek ditugu:

a)estra-lehorra (eztigarriak, edukiaren %12raino),

b)lehorra (alkohola, %20-25; azukrea, %12-20),

c) gozoa (alk., %25-30; az., % 22-30),

d)fina (alk., %30-35; az., %40-60),

e)krema (alk, %35-40, az. % 40-60).

Likore ezagunak dira, besteak beste, absenta, advokaat, amaretto, amaro, anisa, aqua vitae, amer (bitterra), arabarba-zuika, benedictine, bermuta, berbena, brandia, cherry, cointreau, curaçao, dranbuy, ginebra, grand marnier, grappa, izarra, karpy, kasis krema, kummel, limoncello, manzana, marc, marsala, marraskino, masusta l., midoria, mirto l., mirabelle l., parfait d'amour, pastis, patxaran, pernod, persiko, pontxea, queimada, ratafia, tibarin, triple sec, chartreuse, uxual gozoa, vespetro eta beste hamaikatxo.

Likoreen berri Hipokratesek eman zuen orain dela 2.460 urte, garai hartako agureek, gaitzak sendatzeko xedez, landareak distilatzen zituztela idatzi baitzuen. Erdi Aroan, arabiarrek alanbikea «sozializatu» zutenean, alkimista eta kimikoek edenak moldatu zituzten sendagai, maitasun-edabe, elixir, afrodisiako eta hainbat gaitzen konponbidetzat kontsumitzeko. Komunitate batzuetan (komentu, monasterio etab.) ohitura izan da, gozokiak ez ezik, likoreak ere prestatzea (chartreuse, benedictine). Egun, sendabide edo osagarri gabe, koktelen osagai edo bazkarien amaiera lasaitzat kontsumitzen dira likoreak, industrialak, gehienbat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.