Euskal Presoak. Manifestazioa Bilbon

Motxiletatik zama kentzeko

Sarek egitarau zabala antolatu du manifestazioaren aldarrikapenak egun osora zabaltzeko. Goizetik Areatzan eta Zazpikaleetan ibilitakoek 'haur motxiladunen' egoera izan dute gogoan.
Hainbat guraso eta haur, atzo, Bilbon, Izar eta Sara Majarenasen aldeko ekitaldian.
Hainbat guraso eta haur, atzo, Bilbon, Izar eta Sara Majarenasen aldeko ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri Bilbao

2018ko urtarrilak 14
Bere marrazki bat apurtu, eta kutxa batean sartu du Porrotxek. Harekin dauden ume eta gurasoak puzka ipini ditu, eta magia egin dute: paper zatiak lore koloretsu bihurtu dira. Erdian, marrazki puskatuaren hiru kopia agertu dira: «Hauek Xua, Haitz eta Izarrentzat bidaliko ditugu». Amekin preso dauden hiru umeak dira. Talde argazki bat ere egin dute, kartzelan dauden presoei bidaltzeko. Izan ere, manifestaziotik harago, aldarrikapenek goizean ere izan zuten oihartzuna. Leku berezia izan dute astero gurasoak bisitatzera joaten diren umeek.

IGURTZE ASEGINOLAZA



Urretxu (Gipuzkoa)

«Aurten haur motxiladunekin egin den kanpaina guztiarekin, beste arrazoi bat dugu hemen egoteko. Beste sentsibilitate puntu bat ukitu da, eta ea geroz eta gehiago garen aldarrikapen honekin bat egiten dugunak, eta ea lortzen dugun. Presio sozial bat lortzea da helburua, beste komunitate batzuetara zabaltzea zer egoera jasaten den Euskal Herrian, zer egoera presoek eta ingurukoek. Manifestazioak balioko du hori gizarteko beste inguru batzuetara zabaltzeko».

FRANTXUA CAMUS



Maule

«Nahi dugu Euskal Herrian bakean bizi, eta horretarako jin gara honat. Badugu Zuberoan eta Euskal Herrian bake prozesu bat, baina presoak kanpoan daude. Presoak orain kalean izan behar dira, eta hori galdegiten behar dugu bai Frantziako Gobernuan, bai Espainiako Gobernuan. Badirudi Frantzia hasiko dela mugitzen, baina ez dakit. Ikusi beharko da. Beti Parisen-eta dira preso, eta posible da gertuago izan daitezen, eta hori da gure eskaera: egiaz Euskal Herrira etor daitezela».

AITOR PADILLA



Bilbo

«Pozik etorriko gara geure eskubideak lortu arte. Gure nortasuna defendatu behar dugu. Azken egunetan hedabideetan ikusi diren haur motxiladunen erreportajeak oso onak izan dira. Ume horiek errekonozimendu bat behar zuten, eta nik uste dut lortuko dela. Gizartearen zati batek beste alde batera begiratzen du, gerra hau irabazi dutenak direlako. Eta lortu behar dugu gure eskubideak errespeta ditzaten».

MERITXELL VERDAGUER



Bartzelona

«Guretzat lehen manifestazioa da hau Euskal Herrian: urriaren 1ean euskal herritar ugari etorri zen gurera, babesa erakustera, eta orain gu etorri gara, eskertzera. Propio etorri gara. Ikusi dugu gurasoak preso dituzten umeen auzian egin dela indarra, eta interesgarria iruditu zaigu. Sufrimendua ez zaio soilik presoari eragiten; familiak ere jasotzen du zigorra. Katalunian ere gure presoak ditugu, eta oso sentsibilitate handia dugu».

MAIDER BENGOA MOYUA



Gasteiz

«Betiko aldarrikapena da haur motxiladunena, eta oso ondo dago. Baina nik azpimarratuko nuke ez direla bakarrak: haur horiekin batera, pertsona nagusi asko ere badaude: aitak eta amak, aitona-amonak, edadetuak, batzuk gaixorik, eta kilometro pila egin behar dituzte egoera horretan. Haientzat ere kondena bat da, eta ez nituzke ahaztu nahi».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna