Altunaren esanetara

Ameztekoak erakustaldia eman du, eta hark eta Martijak 22-17 irabazi diete Elezkano II.ari eta Zabaletari. Bikote guztiek galdu dute jada

Julen Etxeberria.
2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Lehen hiru jardunaldiak jokatu dituzte binakakoan, eta jada bikote guztiek galdu dute gutxienez partida bat. Laso-Imazek joan den larunbatean galdu zuten lehena, Jaka-Mariezkurrena II.aren kontra, eta, Elezkano II.a-Zabaletak, atzo, Altuna III.a-Martijaren aurka, Tolosan (Gipuzkoa): 22-17. Bigarren garaipena dute.

Pilotari bat nabarmendu zen: Altuna III.a. Erakustaldia eman zuen amezketarrak. 11 tanto egin zituen, baina haren jarduna zenbakietatik haratago doa, haren lan bikainak bikotekidea hauspotu baitzuen. Horri esker, gai izan ziren kontrakarrean hasi ondoren (2-7), partida hausteko (19-11). Gero etorri zen galtzaileen susperraldia (19-17), baina Altuna III.ak kolpe batez eten zuen.

Arrillaga eta Aldai, finalean

Emakume Master Cupen, berriz, zehaztuta dago zein bi pilotarik jokatuko duten pilota mistoko finala. Miriam Arrillaga atzelari aginagarra eta Amaia Aldai aurrelari dimoztarra ariko dira elkarren aurka igande honetan, eguerdian, Mungian (Bizkaia). Arrillagak, duela bi urteko txapeldunak, 22-15 irabazi zion Andrea Gaminderi, finalerdietan, herenegun, Muskizen (Bizkaia). Aldaik, berriz, 22-19 hartu zuen mendean Olatz Arrizabalaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.