Euskal presoak. Manifestazioa Bilbon

Gizarte zibila, puzzleko beste pieza

Gatazketan gizarte zibilak eduki dezakeen garrantziaren inguruko hausnarketak bildu dituzte Bilbon, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa egin baino lehen. Bakegileen lana goraipatu dute.
David Fernandez, Joseba Azkarraga, Anaiz Funosas eta Mario H. Calixto hizlariak, atzo, Bilbon; erdian, Pili Kaltzada moderatzailea.
David Fernandez, Joseba Azkarraga, Anaiz Funosas eta Mario H. Calixto hizlariak, atzo, Bilbon; erdian, Pili Kaltzada moderatzailea. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko urtarrilak 14
Duela urtebete pasatxo Luhuson (Lapurdi) ETAren armamentuaren zati bat indargabetzekoak zirela atxilotu zituzten Jean Noel Etxeberri Txetx, Mixel Berhokoirigoin eta beste hiru lagun. «Urte bat beranduago, atxilotuak izan ziren pertsona berek Frantziako agintariak mahaian esertzea lortu dute, eta gaur [atzo] aditzera eman den albistea eskuratu dute; hau da, Frantziak espetxe politika aldatzea». Gizarte zibilak gatazkak bideratzeko izan dezakeen parte hartzea aztertzeko balio dezake Joseba Azkarraga Sareko eledunak egindako gogoetak.

Atzo Bilbon euskal presoen hurbiltzea eskatzeko egindako manifestazioaren harira, mahai inguru bat egin zuten goizean gaiaren inguruan. Han izan ziren Azkarraga bera, Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea, David Fernandez CUP alderdiko kidea eta Mario H. Calixto Kolonbiako giza eskubideen aldeko ekintzailea. Gizarte zibilak gatazka jakin batzuetan izan duen parte hartzearen lekuko guztiak ere.

Hala ere, atzoko albisteari tiraka, zeresan berezia izan zuen Ipar Euskal Herriko kasuak. Funosas horri buruz aritu zen: «Gizarte zibilak parte hartze handia izan du; Aieteren ondoren ikusi genuen eskubide osoa genuela elkarbizitza nola eraiki nahi dugun erabakitzeko». Erakunde publikorik gabe abiatu zuten prozesua, eta, duela urtebete Euskal Elkargoa sortzearekin batera, elkarlanean aritu dira. Baina testuinguru hori baino lehen, erakunde publikorik ez zegoen. «Beti jakin dugu mugimendu sozialak aktibatzen, eta apurka handituz joan dira, hautetsiak ere mugimenduari batuz». Garbi utzi zuen arlo bakoitzak bere funtzioa duela, baina, hala ere, badakite denen artean puzzle bat sortzen dutela. Horregatik, bakoitzak bere arlotik lan egiten duenean pausoak eman ahal direla erakutsi dute Ipar Euskal Herriko eragile sozial, zibil eta politikoek.

ETAren armagabetzea bera ere nola gertatu zen gogora ekarri zuen Azkarragak: «Hemengo kasua ez da ohikoa izan, talde armatu batek armagabetu nahi izan baitu, eta estatuak ez baitu lagundu». Bakegileek hartutako ekimena bultzatu eta goraipatu zuen horren ostean, momentu horretan hartu zutelako berebiziko garrantzia. Baina, haren arabera, gatazkaren irtenbidea ez da etorriko ETAk bere jarduera amaitutzat ematen duenean: «Irtenbiderik egongo bada, hori gatazkaren ondorioak konpontzen direnean iritsiko da; eta hor indarkeria guztien biktimak hartu beharko dira kontuan, baina baita 300 presoen eskubideak urratzeari uzten zaionean ere». Eta uste du gizarteak esku hartu beharko duela Espainiako Gobernua mugiarazteko.

Nazioarteko kasuak

Euskal Herritik bertako gatazkari gizarte zibilak emandako erantzunak izan dira horiek, baina gizarte zibila izan da Kataluniako prozesu subiranistaren bultzatzaile ere. «Iluntasunean lehen pospoloa piztea beti da zailena», azaldu zuen Fernandezek. Gogora ekarri zituen krisi ekonomikoa piztu berritan lehen etxe kaleratzea eragotzi zuten pertsonak, 1990eko hamarkadan soldadutzari aurre egin zioten lehen intsumisoak eta 2009an independentziarako lehen kontsulta antolatu zuten Arenys de Munteko (Herrialde Katalanak) hogei biztanleak. «Lehen mugimenduak dira zailenak, baina, ondoren, ikus daiteke sekulakoa dela esperientzia; Katalunian estatua porrot izugarri baten aurrean dago uneotan, herri sendotasun batekin egin baitu topo».

Dagoeneko Kataluniako herritarrak «ezberdinak» direla nabarmendu zuen Fernandezek, eta hori garaipen gisa hartu zuen. «Beharra bertute bihurtu dugu; estaturik gabe eta estatuaren kontra autonomia soziala baliatu dugu gure prozesua egin ahal izateko».

Kolonbiako kasua, ordea, ezberdina da. Bake bidean akordioa lortu zuten, baina «benetako bakea» lortzea oraintxe zaila dela zioen Calixtok. Eta badaki gizarte zibilak ahalegin berezia egin beharko duela horretarako. «Kolonbiako herritarrak bakearen aldeko apustua egiten ari dira, baina ez edozein bakeren alde, eta hori da jakinarazi behar dena; herritarrek ez baitute nahi [Juan Manuel] Santosen eta herrialdea menperatzen duten 50 familien bakea». Horretarako, jakitun dago gizarte zibila aktibatzeko lan egin beharko dutela, eta, bide horretan, interesgarriak iruditu zaizkio Euskal Herriko eta Kataluniako esperientziak. «Gizarte zibilak indarra eduki dezake gobernua mugitzeko, baina gaur egun Kolonbian ez dago halakorik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna