Jet Lo. Sukaldaria

«Hemengo arraina eta piper gorria eramango nituzke Singapurrera»

ainara arratibel gascon
Donostia
2015eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Gozatzen ari da egun hauetan Jet Lo sukaldaria. Izan ere, bertatik bertara probatzen ari da Euskal Herriko sukaldaritza. Aspalditik zuen horretarako gogoa, eta pintxoek txundituta utzi dute. Singapurren duen Ding Dang jatetxeko platerik ospetsuena erakutsi du San Sebastian Gastronomikan egin duen erakustaldian: etxeko tofua miso beltzarekin.

Nola definituko zenuke zure sukaldaritza?

Sukaldaritza informal bat dela esango nuke, kalean ikasitakoa. Baina autore kutsu bat eman diogu, eta horri berrikuntza gehitu diogu. Bertan, nabaria da Japoniako sukaldaritzaren eragina. Nire emaztea bertakoa da. Baita Txinakoa eta Thailandiakoa ere. Dena den, munduan barrena nabilenean, nahiz eta Asiako sukaldaritza egin, saiatzen naiz ahal den neurrian tokian tokiko produktuak erabiltzen.

Berrikuntza aipatu duzu. Han ere ba al da sukaldaritza tradizionala eta berritzailea?

Bai, ikerkuntza, berrikuntza eta garapena puri-purian daude. Baina, hortik harago, nik uste dut benetako berritasuna atzerriko produktuak sartzea izan dela. Izan ere, orain gutxi arte horretarako nahikoa ikuspegi itxia zegoen hori egiteko.

Tofua eta soja omen dira zure produkturik kutunenak.

Hala da. Nire gurasoak tofu ekoizleak dira, eta betidanik gustatu izan zait produktu hori. Nire haurtzaroa ekartzen dit gogora. Aurrean eduki ez arren, oso barneratua ditut haren usaina eta testura. Neurri txikiagoan bada soja ere ekoizten zuten, eta uste dut produktu bikaina dela, eta plater askotan erabil daitekeela zaporea emateko.

Zer iruditu zaizu Euskal Herriko sukaldaritza?

Aurretik banekien goi mailakoa zela, eta, Bartzelonan eta Madrilen egon izan naizenean, probatu izan ditut hemengo sukaldariek egindako hainbat plater. Baina hemen probatzea berezia da. Pintxoen kontzeptua ikaragarria da. Hain gauza txiki batean horrelako zapore eta produktuak nahastea ikaragarria da.

Ba al du antzik Singapurrekoarekin?

Nik uste dut, desberdin egin arren, produktuak eta zaporeak nahasteko dugun ikuspuntu horretan badugula antza. Nik uste dut beti goazela beste herrialdeak baino aurrerago. Hortik harago, esango nuke desberdinak direla. Adibidez, guk askoz gehiago erabiltzen ditugu espeziak. Guretzat funtsezkoak dira. Bestalde, atentzioa gehien ematen didana arraina egiteko hemen erabiltzen diren teknikak dira. Izan ere, guk, Japoniarengandik dugun eraginagatik batez ere, gordina jaten dugu.

Bada hemendik hara eramango zenukeen produkturen bat?

Probatu ahal izan dudanarengatik, arraina eta, batez ere, piper gorria eramango nituzke. Hemengo piper gorriek oso zapore berezia dutela uste dut, hangoak baino gozoagoak, eta zoragarriak dira edozein plateretan erabiltzeko. Arraina ere kalitate aldetik oso ona iruditzen zait, eta, guk han asko erabiltzen dugunez, gustura eramango nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.