Ezarian. Zientzia

Esne Bideak eta Andromedak elkar joko dutela berretsi du NASAk

Bi galaxien talka 4.000 milioi urte barru gertatuko da, eta eguzki sistemaren historia aldatuko da betiko

xabier martin
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Astronomoen aspaldiko teoria zen: Andromeda, Esne Bidea gure galaxiaren bizilaguna, gerturatzen ari da; elkar erakartzen dute bi galaxiek, eta noizbait elkar joko dute, eguzki sistemaren eta Lur planetaren historia betiko aldatuz. Teoria hori berretsi du orain NASAk. Erakundeko ikerlari talde batek kalkulatua du talka noiz gertatuko den: 4.000 milioi urte barru. Astrophysical Journal-en argitaratu dute ikerketa.

Bi galaxien grabitate indarrek erakartzen ditu erraldoi biak, «dantza kosmiko bat» balitz bezala. Orain arte ez du inork ziurtatu talka hori gertatuko zenik; batzuek zioten oso gertu pasatuko zirela, baina jo gabe. Orain bai; NASAko ikerlariek diote galaxien norabidearen ondorioz talka gertatuko dela. Lau mila urte barru, beste galaxia eliptiko are erraldoiagoa izango da talkaren emaitza.

Esne Bideak 100.000 argi urteko diametroa du (trilioi bat kilometro inguru); 200.000 eta 400.000 milioi izar dauzka, eta gure Eguzkia horietako bat besterik ez da. Andromeda, berriz, handiagoa da, ia bikoitza. Izan ere, gertuen ditugun 30 galaxien artean handienak dira. Bat egiten dutenean, norabide guztietan aterako dira, ziztu bizian, milioika izar. 2.000 milioi urte beharko dira egoera baretzeko.

Eguzkiak eta Lur planetak betiko aldatuko dituzte euren kokalekuak, betiere talkaren fusioan desagertzen ez badira eta talka gertatzen denerako irauteko gai badira. Andromeda 2,5 milioi argi urtera dago Lurretik, baina orduko 400.000 kilometroko abiaduran gerturatzen ari da. Abiadura horretan, ordubete eskasean iritsiko ginateke Lurretik Ilargira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.