Eguzki sistemaren mugara heldu da 'Voyager' zunda

NASAk 1977an espazioratutako 'Voyager 1' espaziontzia eguzki sistemaren muga-eremuan sartu dela uste dute proiektuko arduradunek.
<em>Voyager 1</em>, espazioan aurrera, NASAren errekreazio batean.
Voyager 1, espazioan aurrera, NASAren errekreazio batean. NASA

X. Martin -

2010eko abenduak 16
Lurretik urrutien dagoen espaziontzia da. NASAren Voyager 1 zunda Lur planetatik 17.400 milioi kilometrora dago, eta misioaren arduradunen arabera, distantzia horretan dago eguzki sistemaren muga. Zundak aldaketak jaso ditu berau inguratzen duten partikulen norabidean. Datu horrek jarri ditu NASAko teknikariak arreta bizian. Partikula horiek Eguzkiak igortzen ditu espaziora, baina Voyager 1 zundak orain arte frogatu duen moduan, beti eguzki sistemaren kanpoaldera doaz.

Dagoeneko ez. Eguzki partikula horiek zeharka igarotzen sumatzen ditu orain espaziontziak. Horrek esan nahi du Voyager 1 izar arteko espaziotik hurbil dagoela. Halaxe uste du Edward Stonek, proiektuaren zientzialariak. «Voyager jaurti zutenean, espazio aroak hogei urte besterik ez zuen; beraz, ez zegoen modurik jakiteko zundak hainbeste iraungo zuela». Izan ere, 33 urte dira jadanik espaziontziak Lurra utzi zuenetik. 1997ko irailaren 5ean jaurti zuten, eta ordutik oso emankorra izan da eguzki sistemaren barruko planeten inguruan emandako informazioa. «Ez genekien zenbat bidaiatu behar zen eguzki sistematik atera ahal izateko». Jarri diote epemuga: «Bost urte barru, gutxi gorabehera, eguzki sistematik aterako gara estreinakoz».

Irrati mezuak: hamasei ordu

Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno ikertzea zen Voyager 1 eta haren biki Voyager 2 espaziontzien helburua. Haien inguruko informazio ugari bidali zuten 1989 arte. Gero kanpoaldeko espaziora abiatu ziren, gure galaxiaren noranzko orokorrarrekin batera.

Zundaren tresneriak ongi funtzionatzen du orain ere, bateria erradioaktiboei esker, eta Lurrera datuak igortzen jarraitzen du. Irrati mezu batek hamasei ordu behar ditu Lurrera iristeko, hain dago urrun espaziontzia. Zundaren tresneria, halaber, gai da eguzki haizearen partikulak monitorizatzeko, eta horregatik ohartu dira, eguzki haize hori dagoeneko ez doala eguzki sistematik kanpoaldera. Haize horrek aurrez aurre jotzen du beste izarretatik datorren materiarekin. Eremu hori da eguzki sistemaren muga. Hura gurutzatzean Voyager 1 izar arteko espazioan egongo da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna