Euskal Herriko Itzulia

Etxera itzul daiteke Itzulia

Euskal Herriko Itzulia bihar hasiko da, eta Mikel Landa eta Ion Izagirre faboritoen artean ageri dira. Hogei euskal herritarrek hartuko dute parte. Ibilbide ikusgarria du

Etxera itzul daiteke Itzulia.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Hamabost urte dira euskal herritar batek ez duela irabazten Euskal Herriko Itzulia. Iban Mayo podiumeko goiko koskara igo zen azkena. Hartaz geroztik, bi bigarren postu eta hiru hirugarren lortu dituzte euskal herritarrek, baina txapelak ihes egin du. Aurtengo ekitaldia bihar hasiko da, Zarautzen (Gipuzkoa), eta faborito zerrenda handia da, tartean bi edo hiru euskal herritar daude. Mikel Landak (Movistar) eta Ion Izagirrek (Bahrain) —bi aldiz izan da hirugarren— meritu osoz irabazi dute zerrenda horretan egoteko eskubidea, eta ez litzateke baztertu behar Gorka Izagirre (Bahrain). Paris-Nizan hirugarren izan da aurten, eta sasoi betean iritsi da.

Faboritoen zerrendan hiru euskal herritar daude, eta lasterketan, guztira, hogei. Iaz parte hartu zutenak baino zazpi gehiago. Euskadi Murias Kontinental Profesional mailan ari da aurten, eta Itzulian egingo du debuta World Tourreko euskal probetan. Bost izango dira elastiko berdea jantziko duten etxeko txirrindulariak: Aritz Bagues, Mikel Bizkarra, Gari Bravo, Oscar Rodriguez eta Enrique Sanz. Bost horiez eta Izagirretarrez eta Landaz gain, beste hamabi euskal ordezkari arituko dira: Victor de la Parte (Movistar), Peio Bilbao eta Omar Fraile (Astana), Jonathan Castroviejo eta David Lopez (Sky), Markel Irizar (Trek), Igor Anton (Dimension Data), Julen Amezketa, Alex Aranburu, Jon Irisarri eta Jonathan Lastra (Caja Rural), eta Ibai Salas (BH Burgos).

Euskal herritarren zerrenda luzea da, baita izen entzutetsuen parte hartzaileena ere. Hutsune handi bat dago, Alejandro Valverde (Movistar) iazko irabazlea ez baita irteera marran egongo. Baina, esaterako, iazko Frantziako Tourreko, Italiako Giroko eta Espainiako Vueltako bigarren eta hirugarren sailkatuek, hurrenez hurren, parte hartuko dute. Postu horiek Rigoberto Uranek (Cannondale), Romain Bardetek (Ag2r), Nairo Quintanak (Movistar), Vincenzo Nibalik (Bahrain) —bigarren Vueltan eta hirugarren Giroan— eta Illnur Zakarinek (Katuxa) bete zituzten. Quintana da aurretik Itzulia irabaztea zer den dakien bakarra. Izen horiek gutxi ez balira bezala, besteak beste, Michal Kwiatkowskiren (Sky) sasoi puntua, Primoz Roglicek (Lotto) ibilbide honekin eman dezakeen maila eta Richie Porteren (BMC) berezko maila hartu behar dira kontuan.

Erlojupeko ezberdina

Ibilbideari dagokionez, berritasun handiena erlojupekoaren ingurukoak dira. Azken aldietan ez bezala, ez da azken egunean izango, laugarrenean baizik. Antolatzaileek itzulia azken egunera arte lotuta ez joatea nahi dute, eta horregatik aurreratu dute. Erlojupekoaren ezaugarriek ere ez dute zer ikusirik azken urteetan Itzulian egon direnekin. Ez du ez koskarik, ez eta jaitsiera bihurririk ere, 19,5 kilometro lau Lodosa eta Sartagudako baratzeetan barrena (Nafarroa). Espezialistentzat ezin egokiagoa. Amaiera, beste behin, Arraten izango da. Aurtengo beste berritasun handia gainsariak dira. Esprint berezietan —bi etapako— eta helmugetan banatuko dira.

Lehen etapa

Zarautzen hasi eta amaituko da, bihar, Itzuliko lehen etapa. Hauxe da biharko etaparen profila:



via GIPHY

Itzuliari buruzko informazioa biltzeko webgune berezia osatu du BERRIAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.