Lurraren tankerako neurriak dituen exoplaneta bat aurkitu du NASAk

Eguzki sistematik kanpo orain arte aurkitutako planetarik txikiena antzeman du Kepler teleskopioak
Kepler-10b exoplanetan tenperatura oso altuak daude.
Kepler-10b exoplanetan tenperatura oso altuak daude. NASA

X. Martin -

2011ko urtarrilak 12
Gero eta exoplaneta gehiago aurkitzen ari dira astronomoak puntako teknologia lagun. Dagoeneko 500 baino gehiago dira eguzki sistematik kanpo antzemandako planetak. Hala ere, orain arteko guztiak Lur planeta baino askoz handiagoak dira, Lurra halako lau-bost behintzat. Harik eta berriki NASAko Kepler espazio tekeskopioak egin duen aurkikuntza iritsi den arte. Kepler-10b izen teknikoaren atzean Lurraren antzeko neurriak dituen planeta dago (Lurra halako 1,4 da). Horrek ez du esan nahi, ordea, bizitza hartzeko gai denik. Izan ere, urteak 0.84 egun irauten du exoplaneta hartan. Bere izarretik gertuegi dago, Merkurio Eguzkitik baino hogei aldiz gertuago dago Kepler-10b bere izarretik, eta, beraz, besteak beste, tenperatura altuak (1.600 gradu) bizitzeko baldintzak galarazten ditu.

Dena den, Lur planetatik kanpoko bizitzaren bilatze prozesuan aurrerapausotzat jotzen du NASAk aurkikuntza, Kepler-10b exoplaneta arrokez osaturik baitago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna