Koska bat gora egin du

Unai Lasok nagusitasunez irabazi dio Iñaki Artolari Zumaian (22-10), eta lehen garaipena lortu du buruz buruko final-laurdenetako ligaxkan

Unai Laso, pilota jotzear, atzo, Zumaian. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Unai Lasok ez zuen gustura amaitu Jon Ander Peñaren aurkako final-zortzirenetako partida. Nagusitasunez irabazi zuen (22-13), eta Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkarako sailkatu zen, baina, hala ere, ez zegoen batere pozik egin zuen lanarekin. «Deseroso» aritu zela aitortu zuen lehia bukatu berritan.

Oso bestelako sentipena izan zuen atzo. Peña II.ari bezala, nagusitasunez irabazi zion Iñaki Artolari ligaxkako lehen neurketan, Zumaian (Gipuzkoa). 22-10 hartu zuen mendean Bizkarreta-Gerendiaingoak (Nafarroa) Alegiakoa (Gipuzkoa), baina, oraingoan, bere buruarekin gusturago bukatu zuen neurketa. Ez da harritzekoa, koska bat gora egin baitzuen txapelketako aurreneko kanporaketarekin alderatuta. Horri esker, lehen garaipena lortu du final-laurdenetako ligaxkan. Baita B multzoko lidergoa ere. Erik Jakarekin berdindu du. Hain zuzen, bi pilotariok elkarren aurka jokatuko dute datorren larunbatean, Iruñean, Labriten. Irabazleak aurrerapauso ia erabakigarria emango du finalerdiak jokatzeko. Bezperan, berriz, Artola eta Beñat Rezusta ariko dira, Oiartzunen (Gipuzkoa). Galtzailea ia aukerarik gabe geratuko da.

Lasok gora egin du. Artolak ere horixe egin nahi du. Aitortu duenez, «gustura» ari da entrenatzen, baina lan on hori ez da gero islatzen partidetan. Beste horrenbeste pasatu zitzaion atzo. Goitik behera egin zuen, goian hasi baitzen, sakearekin asmatuz eta lasai jokatuz. Helburua argia zen: partidaren erritmoa moteltzea, eta, hori eginez, Laso deseroso egotea, haren erritmo bizia jarri ezinda.

Hasieran, ondo atera zitzaion apustua Artolari, eta 2-4 aurreratu zen. Baina buruz burukoan horren ohikoak diren tanto sortetako lehena harrapatu zuen Lasok: 11-5. Artolak ez zuen etsi: egitekoari eutsi, eta partidan sartuta iritsi zen lehen atsedenaldira: 12-8. Itxuraz, lehia bazen oraindik.

Baina ez zen horrela izan, Laso egurrean hasi baitzen berriro: sekulako eskuinkadak eman zizkion pilotari tarte horretan, eta alferrikakoa izan zen Artolaren ahalegina. Azken txanpan, berriz, erremate neurtuak egin zituen nafarrak. Ikusgarria izan zen azken tantoa: ezker gantxoz errematatu zuen bosgarren koadrotik, eta bikain utzi zuen pilota zabalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.