Ikur bihurtzera doa

Oier Sanjurjok ez du denboraldia amaitutakoan Osasunan jarraituko. Maiatzaren 19an egingo diote agurreko ekitaldia, Sadarren

Oier Sanjurjo Osasunako kapitaina Taxoaren. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Osasunaren historian aro bat amaitzear da. Oier Sanjurjo (Lizarra, Nafarroa, 1986) kapitainak denboraldia amaitutakoan agur esango baitio bere bihotzeko klubari. Osasunazale gehienen sentsibilitateak bildu dituen kapitainak ez du klubean jarraituko, lehen taldean hamalau denboraldi egin eta gero. Esku batean Osasunarekiko maitasuna, eta bestean Euskal Herria, euskara eta ikastolen aldarria eraman ditu. Horregatik, aspaldian, Lizarrakoa Gure kapitaina da gorritxo askorentzat. Berdegunean pixkanaka protagonismoa galdu arren, talde gorritxoarekin partida gehien jokatu dituztenen artean seigarrena da: 353 partida jokatu ditu bi arotan Celtan jokatu zuen 2011-2012 denboraldian, 2007ko abenduaren 12an debuta egin ostean, Mallorcaren aurkako Kopako partida batean, Sadarren. Kapitain izateari utziko dio, baina betirako izango da ikur gorritxoa.

Duela ia bi hamarkada iritsi zen Oier Taxoarera Izarratik, eta bizitza erdia baino gehiago egin du Osasunaren koloreak defendatuz. «Ez da kopuru makala. Iritsi nintzenean nork esango zidan horrenbeste urte egingo nituenik Osasunan. Horrelakorik ez nuen sekula pentsatu. Bidea ez da erraza izan, baina zailtasun horiengatik are gehiago disfrutatzen dela uste dut. Ibilbideari zukua atera diot», aitortu zion Nafarroako Hitza-ri 2020ko abenduan. Taldeko lehen kapitain zela, Lehen Mailarako azken igoerako garaikurra altxatzea egokitu zitzaion. Are bereziagoa izan zen klubaren mendeurreneko kapitaina izatea. «Mendeurreneko kapitaina izateak harro sentiarazi nau. Oso berezia izan zen. Kapitainaren besokoa eramatea gogo handiz eramaten dudan erantzukizun handi baten gisa ulertzen dut nik».

Bere bereak izan ditu grina, sakrifiziorako gaitasuna eta ahalmen taktikoa. Euskarria izan arren, postu guztietan aritu da, eta horregatik izan diote entrenatzaile guztiek hain estimu handia. Hala, joan den denboraldira arte, garrantzi handiko jokalaria izan da Jagoba Arrasaterentzat. Osasunaren azken aroan gakoa izan da berdegunean, eta zer esanik ez aldagelan eta bertatik kanpo.

Klubak ohar bidez albistearen berri eman eta gero, Sanjurjoren bitartekari agentziak sare sozialetanagurreko bideo bat zabaldu du, #BetirakoKapitainOier traola erabiliz. «Agur esateko ordua iritsi da. Gaztetxo bat nintzela zapaldu nuen lehen aldiz gerora urte luzez nire etxea izan den Taxoare. Bertan futbolari zein pertsona bezala hazi eta hezi naiz», zioen mezuak. Hemezortzi urte hauetan izandako esperientziak eduki zituen gogoan kapitainak: «Lehen Mailarako bi igoeren zapore gozoa, jaitsieren momentu ilunak, Sabadellen kontrako partidaren muturreko egoeraren tentsioa, hainbat eta hainbat taldekiderekin partekatu ditudan entrenamenduak eta elkarbizitza». Sentipenez ere hitz egin zuen: «Hunkitu naiz, ahalegindu naiz, sentitu dut, eta negar ere egin dut. Ibilbidea dastatu eta bizi izan dudala esan dezaket. Zuen guztion maitasuna hurbiletik jaso dut, eta horrek poztu eta betetzen nau, benetan. Betirako eskertua egongo naizela esan nahi dizuet. Besarkada bero bat. Atzo, gaur eta beti, gorriak! Zuen kapitaina; Oier».

Datorren maiatzaren 19an egingo diote agurreko ekitaldi eta omenaldia Sadarren, eta egun batzuk geroago, maiatzaren 22an, jokatuko du elastiko gorriarekin bere azken partida. Sadarren izango da Mallorcaren aurka. Ez du Osasunan jarraituko, baina oharrak argitzen ez duenez, litekeena da Oierrek beste nonbait jokatzea aurrerantzean. Sadarrek ez du berehalakoan ahaztuko. Kapitain izateari utziko dio, ikur bihurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.