Aro baten jarraipena

Imanol Alguacilek bi urterako berritu du Realarekin zeukan kontratua. Kopa bat irabazi du, eta hiru aldiz sailkatu du taldea Europa Ligarako

Roberto Olabe, Jokin Aperribai eta Imanol Alguacil, atzo, Anoetan egindako prentsaurrekoan. JUAN HERRERO / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
«Egun handia da Realean». Horrela hasi zuen Jokin Aperribaik Imanol Alguacilen kontratuaren berritzeagatik egin zen prentsaurrekoa atzo. Orioko entrenatzaileak 2024-2025eko denboraldia amaitu arte sinatu du kontratua Realarekin, eta, kontratu hori betez gero, Realean denbora gehien emango duen entrenatzailea izango da, Alberto Ormaetxearen atzetik. Hunkituta agertu zen Imanol prentsaurrekoan.

2017-2018ko denboraldian Eusebio Sacristan kargutik kendu zutenean iritsi zen lehen aldiz lehen taldera, gelditzen ziren bederatzi neurketak zuzentzeko, baina ez zen hor hasi Imanolen aroa. 2018-2019ko denboraldian Asier Garitano fitxatu zuen Realak, baina abenduan kargugabetu zuen. Orduan hartu zuen taldea Imanolek, eta Santiago Bernabeun egin zuen debuta, Real Madrilen aurka. Ez zen nolanahiko eguna izan, 0-2 irabazi baitzuen Realak.

Geroztik, 199 partida zuzendu ditu lehen taldean Orioko prestatzaileak, eta horietatik 94 irabazi ditu. Gainera, hiru urtez jarraian sailkatu du talde txuri-urdina Europa Ligarako, eta Kopa bat ere irabazi du, Sevillan, Athleticen aurka.

Atzo eguerdian egindako prentsaurrekoan, eskerrak eman nahi izan zizkion Aperribaik Imanoli, eta egindako lana «bikaina» izan dela onartu zuen: «Gure helburuak zure gaitasunaren eta jardun ekinaren azpitik geratu dira», aitortu zion. Bi urterako luzatu du kontratua Imanolek, baina Aperribai argi mintzatu zen: «2025era arte sinatu duzu kontratua, baina urte luzez gurekin egon zaitezen nahi dugu denok». Roberto Olabe kirol zuzendariak ere hitz egin nahi izan zuen: «Oso pozik gaude. Merezitako saria da, eta jada aurrera begira ari gara».

Imanolek «egun berezia» zela aitortu zuen, eta familia izan zuen gogoan: «Gehien sufritzen dutenak dira, oso gutxi ikusten bainaute. Emazteak esan dit aste barruan partidarik ez daukagunetan etxera etortzeko bazkaltzera», adierazi zuen, barrez. Jokalariei ere eskerrak eman zizkien: «Oso maitatua sentitu naiz lehen egunetik».

Realean «etxean» dagoela esan zuen Oriokoak, eta argi utzi zuen «emaitza txarrek bakarrik» kenduko dutela kargutik. «Honaino iritsi banaiz, lanagatik iritsi naiz; ez bakarrik nire lana, baizik eta guztiona. Bestela, ezinezkoa izango zen».

Lehen egunetik konexio berezia izan zuten Anoetako zaleek eta Imanolek, eta gaur egun partida guztietan abesten zaio entrenatzaileari, miresmenez. Zale horiek ere ez zituen ahaztu: «Zaleen maitasuna edozein garaipen baino ederragoa da. Esker oneko hitzak besterik ez dut».

Egindako lanaz «harro» dagoela nabarmendu zuen Imanolek, baina ez zuen atzera begiratu nahi izan: «Historia egin dut, baina egindakoak ez dauka baliorik». Egindakoarekin pozik badago ere, aurrera begiratu nahi du Imanolek, eta helburu bat aitortu zuen: «Gauza asko geratzen zaizkit egiteko: batez ere, gure zaleekin titulu bat berriro irabaztea. Denok daukagu arantza hori». Orain, ordea, deskantsua hartzeko garaia izango du, Qatarko Munduko Kopa dela-eta hilabete eta erdiko geldialdia egingo baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.