Ezarian. Zientzia

Espazioko paseoak ISSan, Discoveryren azken egunetan

Steve Bowen eta Alvin Drew astronautek espazioaren hutsa 'botilaratu' dute beste lan batzuen artean

xabier martin
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Trafiko handia dago egunotan Nazioarteko Espazio Estazioan (ISS). Discovery iritsi berria da; aurreko astean Johannes Kepler zama ontzi europarra ailegatu zen; duela hamar egun Progres espaziontzi errusiar bat abiatu zen handik, eta Japoniako HTV ISSra kateaturik jarraitzen du. Estazioan dauden sei astronautez gain, Discoveryk beste hainbeste eraman ditu.

Bistan da, mugimendua ez da falta Lur planetatik 350 kilometrora dagoen base handian (futbol zelai baten neurriak ditu eta 375 tonako pisua). Izan ere, Discoveryren misioak, transbordadore beteranoaren azkena berau, jardun bizia eraman du ISSra. Atzo espaziora atera ziren bigarrenez Steve Bowen eta Al Drew. Aste hasieran eman zuten lehenengo espazio paseoa. Mantenu lanak egiteaz gain, Japoniako Message in a botle egitasmoan parte hartu zuten. Hodi berezi batean espazioaren hutsaren zatitxo bat botilaratu zuten. Lurrera ekarriko dute hura, publikoak ikus dezan. Discoveryko astronauten lanik garrantzitsuena, ordea, Leonardo modulua instalatzea da. Al Drew espaziora atera den 200. astronauta da.

Discoveryren azken misioa

Bost hilabeteko atzerapenarekin aurreko otsailaren 25ean espazioratu zen NASAren Discovery transbordadorea; misio gehien egin dituen espaziontzia da Discovery. 1984ko abuztuaren 30ean egin zuen estreinako bidaia espazioara hainbat urtetako eraikuntza lanen ondotik —1970eko abuztuan hasi ziren eraikitzen—.

26 urte eman ditu NASArentzat lanean, ia beti arrakastarekin. Hubble teleskopioa espazioratu zuen; Kibo laborategi japoniarra ere bai; gainera, ISSren azpiegituraren oinarrizko hainbat zati garraiatu zituen. 1998an beste errekor bat hautsi zuen. 77 urteko astronauta bat eraman zuen espaziora: John Glenn. Discovery 352 egunez egon da orbitan eta 246 astronauta eraman ditu 38 misiotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.