Albistea entzun

Areta mendilerroa udazken koloreetan

Areta mendilerroko oihan zabalen gerizpean egingo dugu ibilaldia, gailur esanguratsuenak ezagutuz
Tamaina handiagoan ikusi

ASIER AGIRRESAROBE– MUSKILDA TELLABIDE -

2007ko urtarrilak 5

Iparraldean, Aezkoa; hegoaldean, Urraulgoiti; mendebaldean, Artze eta Orotz-Beteluko udala; eta ekialdean, Zaraitzu ibarrak dituen mendi multzo zoragarria da Areta. Agian, Abodi eta Iratiko basoaren itzalpean gelditzen delako, mendizaleek ez diote inoiz kasu handirik egin. Inguru basati eta bakartia da Areta: Abaurregaineko goi ordokiaren hegoaldeko muga eta ahazturiko nafar Pirinio aurrearen hasiera. Pago, ezpel eta pinaburu baso zabalek estalia egonagatik ere, badira belar fineko zelai ederrak; eta gailur batek baino gehiagok ikuspegi erakargarriak eskaintzen ditu: Baiguraren tontorrak, esaterako. Honakoan, Aretako gain nagusi batzuk lotuko ditugu, ekialdetik mendebalderako ibilaldi luzean, Aezkoa ingurutik abiatuta.

Abaurregaina eta Eaurta arteko errepidea Erremendia mendate xumetik igarotzen den tokian bertan errepide txiki batetik desbideratuz, garai batean patata lantegia zen eraikin multzo batera helduko gara. Pixka bat aurrerago dagoen atondutako aparkaleku txiki bateraino jarrai daiteke, eta han oinez ekin (1.070 m). Gorantz zuzentzen den pistatik gain batera helduko gara (1.201 m); eta altuera apur bat galduko dugu, pistaren ezkerrean belardi bat ikusi arte (1.150 m). Hortxe eskuinera egingo dugu, basorantz, pista utzita. Hegoaldera zuzen egingo dugu, bide garbirik gabe, basoan bilatu beharko dugu Erremendiarainoko ibilbidea.

Erremendiaren gailurra (1.388 m), nahiz eta atseden hartzeko belaze goxo bat egon, ia goraino zuhaitzez josia dago, eta iparraldera ikuspegi murritza dauka, apenas ikusiko dugun ezer Irati eta Abodi aldera. Aldiz, hegoaldera, amildegiaren ertzetik, Aretaren hegoaldeko mendi-adarrak ikusi ahal izango ditugu: Aldaxur, Olagaina, Orlagatu... Eta urrutira, Pirinioak, elurtuta.

Ipar-mendebaletarantz luzatzen den bizkarretik behera jaitsiko gara, Erremendia eta Borrokoskoren arteko lepoaren bila. Baso garbian erraz jaisten da, txarrantxa beti ezkerrean dugula. Lepoan hesiaren beste aldera pasatzeko langa dago, bertatik pasa eta belardi zabal batera irtengo gara. Belarditik are gehiago jaitsi beharko dugu, ezpel eta harkaitzezko eremu traketsa ekiditeko, mendebaldera, pista batekin topo egin arte. Pista horrek Areta mendilerroa gurutzatzen du, hegoaldetik iparraldera Aietxu eta Abaurregaina lotuz. Berehala utzi beharko dugu hori, hala ere, belazeetan gora egiteko. Ezpeldoian sartuko gara berehala, bide baldar harritsu batetik, eta pagadian hurrena, goraino.

Borrokosko (1.366 m) basoak ezkutatutako gaina da, batere ikuspegirik gabea. Mendebaldeko bizkarrean behera jarraituko dugu, atzera pistarekin topo egiteko, eta bertatik egingo ditugu lepo zabal baterainoko metro eskasak (1.285 m). Parean dugun hurrengo gailurra ezkerretik inguratuko dugu, pista nagusia utzi eta mendebaldera jarraitzen duen mendibide zabal batetik. Bide jatorrak, azkenean altuera nabarmen galduz, Aretako zabaldietara eramango gaitu; egonean denbora puska bat emateko leku paregabea, pagadi zabalek alde guztietatik inguratutako erliebe leuneko belaze goxoa, edozein alfonbra baino ederragoa atseden hartu, eguzkitan etzan edo bazkari legea egiteko.

Eguneko azken igoerari ekin beharra dago hala ere, Baigurak gordea digun oparia eskuratu nahi badugu behintzat. Hartara, mendebaldera jarraituko dugu atzera basoan barneratuz, arroila lehorraren eskuin bazterretik gora egiten duen pista batetik. Gorago malda leundu egiten da, eta horrela Baigura eta Motxorroren arteko lepoan aurkituko gara, arnasa dagoeneko apur bat berotuta (1.382 m). Motxorro (edo Txamorro) gailur xelebrearen ondotik pasatzean, ez gara, bada, puntaraino igo gabe geldituko. Mendixka horren tontorra puntatxo bat baita, pertsona bakarra kabitzen da bertan, eta, gainera, zutik egoteko lanak izango ditu, aparteko orekarik ez badu behintzat (1.415 m). Lepotik Motxorrorako joan-etorria ordu erdi inguruko lana da, eta gorenera igotzeak ez du zailtasunik, pasabide egokia aukeratuz gero.

Baiguraraino basoan barna jarraituko dugu, eta, azkenik, gailurretik gertu, zuhaitz bakan eta txilar arteko bidexketatik. Baigura (1.477 m) gailur zabal eta harritsua, granito blokez eratutako harritza kaotikoa da, erpin geodesiko handi batekin. Ederrena, halere, gain horrek oparitzen duen ikuspegi zabala da: Pirinioetako gailur zurixkak; Nafarroako gailur garrantzitsuenak: Izaga, Elomendi, Beriain eta Aralar; eta gertuago, Artze eta Urraulgo mendien erliebe labirintikoa eta basatiaren erdian Itoitzko urtegia.

Ilunabarra gertu dugu, urteko egun motz hauetan. Oharkabean ordubete tontorrean egotea gauza erraza baita. Bada, maldan behera erraz egingo dugu atzera, Aretako zabaldi ederretara itzultzeko bidea. Pistari heldu eta lautada zeharkatu beharko dugu pista zuhaiztian barneratzen den lekuraino. Hortxe zehazki, pista ezkerrerantz norabidez aldatzen denean, gurdibide on bat hartu beharko dugu eskuinera -marka laranjaz dago seinalatua-, galbiderik gabe aparkalekura itzuli ahal izateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.