«Gertaera garrantzitsu bat» iragarri du Sarek irailaren 20rako

Mugimenduko kideek ez dute zehaztasunik eman.Udan herri eta auzoetan presoen eskubideen alde mobilizatzera deitu dute

Sareko kideak, atzo, Bilbon eginiko agerraldian. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
«Gertaera garrantzitsu bat» iragarri du Sarek irailaren 20rako. Ez du zehaztasunik eman, baina «buruan gorde beharreko data» izango dela azpimarratu du. Euskal preso eta iheslarien giza eskubideen defentsan ari den herri mugimenduak agerraldia egin du Bilbon. Gatazkaren konponbidea lortzeko bidean herritarren arteko elkarlana beharrezkoa dela adierazi du. Horren harira, Arantza Armentiak esan du behar direla errealitateari aurrea hartzen dioten pertsonak, harresiak erorarazteko sinesmena eta ekarpena egiteko prest dauden herritarrak. «Zorionez, Galileo asko ditugu Euskal Herrian, eta horiek lanerako prest daude».

Irailaren 20ra begira, Sareko kideek herritarrak deitu dituzte bakoitzak bere gaitasunen araberako ekarpenak egin ditzan presoen eskubideen alde. «Planteatu dugun helburua lortzen lagunduko duen edozein laguntza mota ongi etorria da. Kultura, gizarte edo politika eragile, edozein pertsonak, dagoen tokian dagoela, gure ekimenean parte har dezake».

Uda, sarea ehuntzeko

Egitasmo hori eta Sare bera forma hartuz joango da udan. Euskal Herriko auzo, herri eta hiritik elkarlana sustatuz, sarea gero eta «zabalagoa eta indartsuagoa» izan dadin. «Ilusioz ari gara sarea sortzen, eta giza eskubideen eta bizitza duinaren alde dagoen pertsona orok gurekin parte hartzera gonbidatu nahi dugu», esan du Armentiak.

Hala, irailaren 20ra bitartean, herriz herri, auzoz auzo, izaera desberdineko pertsonekin ekitaldiak eta ekintzak egingo dituzte sarea handitzen jarraitzeko. Besteak beste, hitzaldiak antolatu eta amaraunak irudikatuko dituzte. «Historia egiten hasi gara, eta ez gara geldituko; hau mugitzen hasi da, eta sarea egiten jarraituko dugu planteatzen zaizkigun erronkei aurre eginez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.