Literatura. Hirudia

Ez goi eta ez doi

Iban Zaldua.
2011ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Kontua da, aurrekoan Lander Garrok adierazitakoaren haritik, nik esango nukeela, euskal literaturaren egoerari buruz, ba ez goi eta ez doi. Ez behintzat egungo beste literatura mendebaldarrak baino gehiago edo gutxiago. Angel Errok nik baino hobeto azaldu du, larrutan egiteko ze euskal idazle ez litzatekeen hautatu behar aholkatzen zuelarik: «ez dadila izan egungo euskal literatura guztia —berak ekoiztutakoa izan ezik— arbuiatzen duenetarikoa, ezta Euskal Literaturaren Urrezko Aroan bizi garela aldarrikatzen duen Pangloss zortzi-abizendun bat ere». Silabaz silaba sinatuko nuke.

Idurre Alonsok duela bi igande planteatzen zituen zalantzek, edonola ere, gehiago arduratzen naute, hots, eskoletan irakatsi beharreko literaturari buruzkoek; funtsean, ondo ulertu banion, irakurketa maitatzen erakutsi behar ote zaien ikasleei —horretarako goi mailakoak ez diren liburuak erabili behar badira ere—, ala literaturaren historia, zentzu klasiko eta kanonikoago batean hain zuzen: horixe zen alternatiba. Ez dakit helburu biak bateragarriak diren, baina nahiko argi dakusat hezkuntza sistemak, gure inguruan behintzat, lehenengoaren alde egin duela azken urte hauetan. Bitxia bada ere, matematikaren edo fisikaren irakaskuntzan ez da horrelako zalantzarik egoten: deribatuak eta ekuazio diferentzialak egiten ikasi behar da, gustatu ala ez. Eta nire galdera da: eskolak literatura —edo matematika, edo preteknologia…— maitatzen irakatsi behar al du? Eta honaino irakur dezaket…

«Ruiz Zafon, Boyne eta Murakami»: horiek ziren autore kutunenak idazle oso gazte batentzat, duela gutxi topatu nuen elkarrizketa batean; erantzuten zuen aurrenekoetakoa izango zen, ziur aski. Miresmen xalo bat eta inbidia erretrospektibo puntu bat sentitu nituen hura irakurtzean: niri, bere adinean halako elkarrizketa bat egin izan balidate, Tolkien, Asimov eta Christie —Agatha–—erantzuteko bulkada akrostikoa sentituko nukeen, baina herabetu eta Cortazar, Sciascia eta Goytisolo —Juan— aipatuko nizkiokeen kazetariari. Eta ez nukeen gezurra —osoa— esango, egile horiek goresten eta irakurtzen bainituen garai hartan. Baina, seguruenik, besteak gehiago gustatzen zitzaizkidan oraindik ere: kontua da banekiela, institutuan irakatsi zidaten literaturaren historiari esker, idazle batek —idazle bihurtu nahi izateko handiustea zuen batek— ez zukeela halako erantzunik eman behar, ez behintzat Booker, Goncourt edo Cervantes saria jaso aurretik —hortik aitzina, jakina den bezala, barra doakoa da—.

Maila horretan, ni kanonaren nahiko aldekoa naiz: eskrezentzia inperialistez, androzentrikoez eta mendebaldarregiez pixka bat garbitutako kanona, nahi bada, baina edonola ere, kanonikoa; Ur Apalategik inoiz iradoki duen bezala, kanonak gutxienez haren kontra egiteko balio beharko luke —bide batez esanda, institutuan literatura irakasle oso onak izan nituen, eta literatura maitatzen irakatsi zidaten; bihoakie hemendik omenezko agur bat Begoña Busturia, Joaquin Forradellas eta Koldo Izpizuari—.

Esan gabe doa horrek guztiak, jakina, zentzu klasikoan ulertutako idazle bihurtu nahi izatekotan funtzionatzen duela: idazle herrikoiak edo popularrak ez ditu zertan morrontza horiek jasan, eta are Carmen Lomana aipatu dezake, gogoa emanez gero, bere eragin literarioen artean.

Nahiz eta, idazle klasikoaren eta popularraren arteko balizko hautabidearen aurrean —zilegi bekit aitormena—, nik, benetan izan nahi nukeena, handitan, idazle ukiezina da. Lehengoan Beñat Sarasolak zioen, Sautrela-n, ez dagoela jada idazle ukiezinik, eta harritu ninduen pixka bat adierazpenak, nik gutxienez bat ezagutzen dudalako inguruotan, gai dena, hitzik esan gabe, hatz bat ere mugitu gabe, kritikari baten dimisioa eragiteko, artikulu bat astebetez atzeratzeko, edo iritzi-zutabe batean esaldi oso bat ezabarazteko. Nola lortzen den status hori, ordea, ez dakit: institutuan jaso nituen literaturaren historiako eskolek ez didate horren inguruko inolako pistarik eskaini. Dakidan gauza bakarra da, zutabe honek argia ikus dezan, hobe dudala haren izena ez aipatzea. Badaezpada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.