Literatura. Hirudia

Diktadurez eta diktadura osteez (gehiago)

Iban Zaldua.
2011ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Barkatuko didate nire hirudikideek, eta baita zutabe hauen irakurle sufrituek ere, aurreko gai bati atzera heltzen badiot. Hala egingo dut, alde batetik, beldur naizelako kritikaren kontuarekin jarraituko banu, —areago— autoplagiatu beharko nintzatekeela, kontu horretaz gehiagotan aritu naizelako, baita zutabe honetan bertan ere —eta idazlearen eta kritikariaren zeregina ez zaidala horren ezberdina iruditzen aldarrikatzen amaituko nuke, funtsean—. Eta, bestetik, irudipena daukadalako zer edo zer esan gabe geratu zitzaidala diktaduren eta literaturaren arteko loturei zegokienean. Eztabaida, gogoan baduzue, diktadurek literatur ekoizpenean izan dezaketen balizko efektu onuragarrien ingurukoa izan zen, kontuan hartuta, besteak beste, euskal literaturak 1960ko hamarkadan eman zuela jauzi erabakigarria bere erloju biologikoa orduan ipintzeko edo, nahiago bada, garaiko nazioarteko joera literarioen arrastoan jartzeko, mendeetako atzerakuntza pairatu ostean.

Esan daiteke paradoxa gisa ondo funtzionatzen duela ideia horrek, eta baduela, hein batean, oinarririk, baina, aldi berean, gehituko nuke ez dela esajeratu behar: diktaduren efektu perbertsoenak gizabanakoek pairatzen dituzten arren, ezin esan kultura, epe luzera, askoz ere hobeto atera ohi denik atakatik. Horren harira, honela mintzatzen zen, 1984ko elkarrizketa batean, Philip Roth idazle estatubatuarra (Newark, 1933), Nobel sarigai eternala, kultur ekoizpenen ezberdintasunei buruz estatu demokratikoetan eta totalitarioetan: «Txekoslovakiara bidaiatu nuen lehen aldian bururatu zitzaidan lan egiten dudala gizarte batean zeinetan, idazle gisa, denak balio duen eta ezerk ez duen inporta; Pragan ezagutu nituen idazle txekiarrentzat, aldiz, ezerk ez du balio eta denak inporta du. Horrek ez du esan nahi lekua aldatu nahiko niekeenik (…). Noizean behin, aberezko indar izugarria duten idazle bat edo bi aurrera ateratzen dira, eta, sistema gaitzat hartuz, arte oso gorena lortzen dute haien jazarpena abiapuntu gisa erabilita. Baina estatu totalitarioetan isilarazita geratzen diren idazle gehienak sistemak suntsitzen ditu (…). Luzaroegi isolatuta eta lurperatuta egoteko zorigaitza duen literatura, probintzianoa bihurtuko da halabeharrez, atzeratua, are sinplista, inspiratu ahal izan duen emari iluna gorabehera». Alde horretatik, Rothek nahiago zuen bere jatorrizko gizartean kulturak eta literaturak paira zezakeen banaltasun orokorra — «non denak balio duen eta ezerk ez duen inporta»—, erregimen totalitario batek giza arimaren inguruko dokumentu goren bat ekoizteko eskaini zezakeen aukera baino —George Steinerrek inoiz defendatutakoaren ildotik—. Banaltasun kultural bat, bide batez, erraz lotu daitekeena aurreko batean Idurre Alonsok hementxe bertan kritikoki aipatzen zuen merkaturako literatur produkzioarekin.

Diktadura, beraz, akuilu izan zitekeen euskal literaturaren eguneratze historikorako, emergentzia kulturaleko —edo, nahiago bada, nazionaleko— egoera bat gauzatu zuen heinean; alde horretatik, nire Franco hiltzea, ala ez zutabean (2011-IV-3) aipaturiko egileez eta obrez gain, ez dago soberan gogoratzea une hartan lortu zela hamarkadetan eta are mendeetan zehar atzeratutako euskara idatziaren batasuna, esaterako: ez dut uste kasualitatea izan zenik.

Baina euskal literatura garai horretan —1960ko hamarkadan— eguneratzen hasi bazen ere, kontua da handik gutxira iritsi zela frankismoaren amaiera, eta, nire aburuz, ordutik aurrera gauzatu zen euskal literaturaren eklosio nagusia, batzuek mespretxatzen duten Trantsizioaren eta erregimen autonomikoaren hasierako garai haietan hain zuzen ere: 1970eko eta 1980ko hamarkadetan gure bost idazleek eta haien garaikideek egindako ekarpenekin; Pott, Ustela, Oh! Euzkadi, Susa, Korrok eta gainontzeko aldizkari literarioen asaldurarekin; Pako Aristi eta Inazio Mujikaren erruralismo noir-arekin; Itxaro Bordaren dinamitatze-lan ezberdinekin; Xabier Montoiaren poesiarekin eta Mikel Hernandez Abaituaren ipuinekin; enfin, Tropeleko belaunaldi horren ahaleginarekin —besteak beste—. Egungo aniztasunera eta banaltasunera —zorionez— ekarri gaituzten guztien lanarekin alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.