Literatura. Hirudia

'Apocalypse Now'

Iban Zaldua.
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Aitor dut: jende batek apokaliptikotasunerako duen jaidurak hunkitzen nau, batzuetan —adibidez, Lander Garrorenak pasa den astean—. Eta halakoetan, osmosiz edo, apokaliptiko jartzen naiz ni ere. Goazen bada.

[Literatur babesleku antinuklear baten baitan, betoizko geruza hirukoitzekoa. Bertan, bi idazle. Kanpoan, eraikina inguratuz, zelatan, best-sellerrak eta liburu banalak, zientoka, burrunba eta elitro-soinu higuingarriak eginez, arrastaka, atzaparrak zorroztuz].

–Seguru al gaude hemen?

–Baietz... Hormak kanon mendebaldarraren ale lodienekin sendotuta daude: barneraezinak dira guztiz.

–Espero dut ez zarela Harold Bloomenaz arituko...

–Ez, ez, jakina: kanon mendebaldarraren bertsio progresistaz ari naiz, badakizu, errealismo amerikar mordoa, abangoardia zentimetro batzuk, eta literatura postkolonialeko hainbat iltze han eta hemen, egiturari eusteko...

–Hala ere, ez nago lasai... Isilduko al dira, kanpoko horiek!

–Animo!

–Ez dakit... zerbait falta dela sumatzen dut... edo zerbait dagoela soberan... Baina... begira hor... Kafkaren ale bat! Gaztelua! Eta han... han... Borgesen Hareazko liburua!

–Bai, eta?

–Hori ez da posible! Ez al ginen geratu gizakiarekiko konpromisoan oinarrituko genuela gure babeslekuaren arkitektura? Bizitza benetan kontatzeko gaitasunean? Hemingwayren egiantzekotasun sainduan?

–Tira, nik...

–Gainera, zerbaitek huts egiten du hemen, ez al duzu nabaritzen? Zer ari gara kalakan, ezer egin gabe?

–Hitz egiten ari gara...

–Horixe ba! Gurikerian biziko bagina bezala... Eta literaturak bizitza irudikatu behar badu, nolatan ez gaude, esaterako, lanean? Gure liburuek ez dute lanaren mundua islatzen, ixkin egiten diote funtsezko gai horri: ez al zaizu esanguratsua iruditzen?

–Hori ere konpon daiteke, nahi izanez gero.

–Bai? Nola?

[Lantegi baten barrunbe ilunak, fundizio dirdai gorrixka batek tarteka argituak. Mekanismoak, gurpil horzdunak, produkzio-kate fordista bat. Bertan, bi langile, buzo urdinez jantzita, jo eta su beharrean].

–Ufff...

–Zer duzu?

–Ez dakit. Zer edo zer ez doa.

–Lan egiteak nekatzen du...

–Ez da hori...

–Esplotazioa izango da orduan. Ez dakit konturatzen zaren ugazabak plusbalioa gupidagabe ateratzen...

–Ez, ez da hori... A, badakit! Horrela ez lukete sekula hitz egingo bi lankide zaharrek!

–Horrela... nola?

–Zuka alegia! Kamaradak gara, ezta? Ez al genuke hitanoa erabili behar?

–Hori besterik ez baduk... Baina segi lanean, motel, ez hadi gelditu ...

–Ez zekiat. Oraindik zerbaitek ihes egiten digula susmatzen diat.

–Ez egon goibel, gizona.

–Bizipoza kapitalismoa garaitzen dugunean izango diagu, nahi beste gainera... Baina, hala eta guztiz ere, ez duk hori...

–Guztiz ados nagok hirekin.

–Zer?

–Ba horixe, bat natorrela hirekin. Sistema garaitzearen kontu horretan alegia...

–Hori duk! Gure artean ez zegok konfliktorik. Konfliktoa ezinbestekoa duk, tramak aurrera egingo badik...

–Hik hala ikusten baduk...

[Enpresa bateko zuzendaritza-bulegoa. Zaldi odolgarbien margoak hormetan, bizkarretan urrezko letrak ageri dituzten kontu-liburu lodiak. Aurrez aurre, kaobazko mahai baten alde banatan, ugazaba, janzkiz, eta langilea, buzo urdinez. Bekozko ilunak].

–Hik esango didak...

–Nire lankideak kexu dira, jauna. Txandekin egin duzuena... Baina zertan ari naiz zuri zuka eginez? Ez al ginen hitanoz ari biok?

–Hori lehenago zuan: orain neu bakarrik arituko nauk, esan gabe doa.

–(...)

–Eta orain, zer?

–Ez dakit. Beldur naiz ez ote diegun egiantzekotasun sakratuaren betebeharrei ihes egin, azkenean...

–Bale, itzul gaitezen gure lan-auzira, nahi baduk. Dena den, zer gerta dakiguke?

–Ez dakit. Baina susmo txar bat daukat...

[Une horretan, azkenik, Paulo Coelhoren liburu batek lortu du, bere adamantiumezko erpeei esker, gotorlekuan zirrikitu bat irekitzea. Eta handik lerratu dira, bata bestearen atzetik, bizkor baino bizkorrago, Musika airean-en ale akorazatu bat, L'élégance du hérisson arantzadun bat, Arturo Pérez-Reverte eta Jon Arretxeren obra osoak, eta Toti Martinez de Lezearen zenbait liburuki solte: bi idazleei erreakzionatzeko astirik eman ez, eta haien gainera jauzi egin dute, gupidarik gabe. Eta ondoren hauxe da gertatu dena].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.