Mendia

Bihar hasiko da Altitoy irekia, Grande Course eski lasterketen lehen proba

Kilian Jornet-Matheo Jacquemond eta Mireia Miro-Laetitia Roux bikoteak dira irabazteko hautagai nagusiak

Iazko lehiaketako parte hartzaileak, bikoteka, mendian gora. ALTITOY.
2013ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da lehen aldiz Grande Course eski lasterketen parte izango den Altitoy Ternua irekia. Aurtengoa seigarren aldia izango da, eta ohi bezala, Pirinioa izango du jokaleku; Luz-Saint-Sauveur inguruko mendi eta eski estazioak, hain zuzen. Urtez urte, lehiaketa hori garrantzitsuagoa bilakatzen ari da eliteko eskiatzaileen artean. Horren adibide, batetik, Grande Course Challenge-aren programa barruan sartu izana; bestetik, parte hartzaileen kopuruak eta horietako askoren mailak probari ematen dion ikusgarritasuna.

Ehundik gora bikotek parte hartuko dute; horien artean, goren goreneko eskiatzaile askok: Kilian Jornet, Matheo Jacquemond, Filippo Becari, Davide Galizzi, Wilfred Jumere, Guillaume Beauxis, Mireia Miro, Laetitia Roux, Francesca Martinelli... Andorra, Frantzia, Italia eta Kanadako jatorria duten taldeak egongo dira, beste batzuen artean.

Euskal ordezkariek ere ez dutehuts egingo. Bertan izango dira, besteak beste, Joseba Ormazabal eta Joseba Tobar eta Amets Maiztegi eta Nahia Quincoces. Izaskun Zubizarreta ere lehiatuko da.

Bi taldetan banatuko dira parte hartzaileak. A taldekoek 2.650 metroko desnibela duen ibilbidea osatu beharko dute bihar. Luz-Saint-Sauber herriko plaza nagusitik irtengo dira eskiatzaileak, eta, Mont Agut eta Plateau de la Muniere pasa ondoren, Pic de l'Ayren iritsiko dira helmugara. Etzi, berriz, 2.000 metroko desnibela duen ibilbidea osatu beharko dute. Hasiera berdina izango du, baina Pic de Bergons eta Mount Aguteko gailurretara igoko dira ondoren, 1.200 metroko jaitsierarekin helmugara iristeko.

B taldekoen lasterketa herrikoia izango da, eta, hortaz, ez dute sailkapenik izango. Bai bihar eta bai etzi, Toy herriaren inguruko ibarrean egingo dituzte ibilbideak. Tenperatura baxuak egongo direla aurreikusi dute antolatzaileek, eta hortaz, ibilbideak ez dira 2.000 metroko garaieratik pasatuko.

Hasieran prestaturiko ibilbideak moldatu egin behar izan dituzte elurteengatik. A taldekoen ibilbideak Pic de Midin helmugaratzea zegoen aurreikusita, bertako astrologia zentroa ikusleentzat erakargarri izango zelakoan, baina eguraldiak ez du eman horretarako aukerarik. Elur-jausien arriskuak saihesteko, aldatzea erabaki dute.

Biharko, 30 zentimetroko elur geruza gehituko duen elurtea eta haize ufada indartsuak espero dituzte. Etziko, berriz, zerua oskarbi egotea espero dute, eta hortaz, tenperatura baxuagoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.